Donald Sutherland aktoreak Donostia Saria jasoko du
67. Donostiako Zinemaldiak iragarri duen hirugarren saritua da. Costa-Gavras zinemagileak eta Penelope Cruz aktoreak ere jasoko dute.
Irailaren 26an jasoko du Donostia Saria Donald Sutherland aktore beterano kanadarrak. Kursaalean izango da ekitaldia 22:00etan, eta ondoren Giuseppe Capotondi zuzendariaren The Burnt Orange Heresy film beltza proiektatuko da.
Ibilbide luzea du egina Sutherlandek. Guztira, 200 bat ekoizpenetan parte hartu du. Askotariko pertsonaiak eta generoak jorratu ditu, beldurrezko zinematik komediara bitarte. 2017an ohorezko Oscar saria eman zioten egindako ibilbidearengatik.
Zinemaldiak emango duen hirugarren Donostia Saria da Sutherlandek jasoko duena. Costa-Gavras zinemagileari eta Penelope Cruz aktoreari ere emango diete. Zehazki, pasa den astean iragarri zuten Costa-Gavrasen saria. Greziar jatorriko frantses zinemagileak jasoko du irailaren 21ean Viktoria Eugenia antzokian. Saria eman ondoren, Adults in the Room zinemagilearen azken lana emango dute. Yanis Varoufakis greziar finantza ministro ohiaren oroitzapenen egokitzapena da.