Genozidioaren Biktimen Elkarteak udalari eskatu dio Memoria Historikoaren Legea betetzeko
Eneko Goia alkateari gutuna bidali dio Genozidioaren Biktimen Elkarteak, eta horren inguruko xehetasunak eskaintzeko agerraldia egin dute udaletxean. Elkarteak gogorazi du Memoria Historikoaren Legea ez dela betetzen, eta “bereizkeriaz” ezartzen dela.
“Eskakizunak egin dira hiri honek plaka banarekin omentzeko egia, justizia, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko berme arloan apartheida pairatu duten eta pairatzen ari dein milaka donostiarrak”, azaldu dute. Hainbat adibide zerrendatu dituzte:
-
Ulia mendian fusilatutakoen plaka-oroigarria urteak daramatzala hondatuta, inpunitatea izaten jarraitzen duten horiek suntsituta.
-
Etxetik eraman eta ia guztiak desagertu gisa izendatutako 400 fusilatu baino gehiagok ez dute plakarik bakoitzari dagokion lekuan; besteak beste, Hipolito Berasategi, Jorge Lassalle, Ibañez, Zeligueta, Aristegi, Trincado, Moya eta Zabala.
-
Biztanleria zibilaren aurka Donostian egindako bonbardaketek eragindako biktimen zerrendarik ez dago eta ez dute plakarik, hiriak gogoan izan ditzan. Horiek guztiak emakumeak izan ziren: Hauxine, Lucila, Guadalupe, Encarnacion, Petra, Eugenia, Placida eta Maria.
-
Fusilatuak izan ziren beste guneetako batean, Bidebietako Allende parkean, ez dago banakako plakarik, ezta haiek gogoratzeko izen zerrendarik (Mola Urtasun, fusilatu ondoren kommutatu zioten zigorra, eta abar). Hori bera errepikatu da Burdinazko Zubian aurkitutako hobietan, non ez dagoen izen zerrendarik ezta banakako plakarik ere (horien artean dago Millan Zabala udal funtzionarioa).
Horrekin batera, elkarteak dio udalak “ahanztura selektiboaren politika bera” ezartzen jarraitzen duela eta ez ikusiarena egiten duela hiriko kaleetan izandako heriotzen aurrean. “Hori da Maria Jose Bravoren kasua (“incontrolados” deritzan horiek bortxatua eta eraila), baita Aristizabalena ere Miramar-Andia kalean; Garcia Ripaldarena Larroka-Karkizano kalean, Iñaki Kijerarena Kanpandegi kalean, Rosa Zarrarena Madril hiribidean, Joseba Barandiaranena San Bartolome kalean, Salegirena Añorgan. Guzti-guztiak poliziek tiroz hilak”.
Donostia “torturaren Europako hiriburu gisa ezagutu” izan dela nabarmendu du elkarteak: “Milaka pertsonei egindakoarengatik, eta horietako batzuk (Quesada, Lasa, Zabala, Zabalza, Muruetagoiena) leku ilunetan (Gobernu Zibila, Zumalakarregi, Intxaurrondo, Aiete-La Cumbre) torturapean hil direlako; Memoriaren leku horietan ez dago inoiz gertatu behar ez zen hori gogoraraziko digun erreferentzia txikienik ere”.
Genozidioaren Biktimen Elkarteak gaineratu du “ahanztura alderdikoiak” ez duela bermatzen eta arintzen egia, justizia, erreparazioa, ezta berriz ere ez gertatzea. “Atril batzuek arindu dezakete, baina Donostiako jendartearen zati esanguratsu batek hamarkadetan jasan duen bereizkeriak eta ahanzturak ez diote bizikidetzari laguntzen; aitzitik, gaiztotu egiten dute”.