Alfonso Cuaronen 'Roma' filmak jasoko du Zinemaldiko Fipresci Sari Nagusia
Alfonso Cuaronen Roma filmak beste sari bat jasoko du. 2019ko film onena izendatu dute Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko kideek (FIPRESCI), eta 67. Donostia Zinemaldiaren inaugurazio galan banatuko da Fipresci Sari Nagusia. Zinema aretoetan ikusgai egon zen pelikula, berriro ikusteko aukera izango dute donostiarrek.
Bozketan mundu osoko 618 kritikarik hartu dute parte, eta beste hiru pelikula izan dira finalean. 2018ko uztailaren 1etik aurrera estreinatutako film guztien artetik aukeratua izan da Roma. Venezian estreinatu eta gero, Perlak sailean parte hartu zuen 2018an, eta azken hilabeteetan sari ugari jaso ditu Cuaronen pelikulak; Urrezko Lehoia Venezian; ingelesez besteko film onenaren, zuzendaritza onenaren eta argazki onenaren Oscar sariak; ingelesez besteko film onenaren eta argazki onenaren BAFTA sariak; hamar Ariel sari; film iberoamerikar onenaren Goya saria; eta zazpi Platino sari, besteak beste.
1999an sortu zuten Fipresci Sari Nagusia, eta, ordutik, maila handiko zinemagileak nabarmendu ditu: Pedro Almodovar, Michael Haneke, Cristian Mungiu, Jean-Luc Godard, Richard Linklater, Roman Polanski, George Miller, Maren Ade, Aki Kaurismaki eta Paul Thomas Anderson, beste batzuen artean.