Langabe donostiarrek doako euskara ikastaroak egin ahalko dituzte
Donostian erroldatuta dauden langabeek doako euskara ikastaroak egiteko aukera izango dute 2019ko udazkenean. Horietan izena emateko epea irailaren 2tik 20ra arte egongo da zabalik. Donostiako edozein euskaltegi homologatutan eman daiteke izena, eta baldintza nagusia da langabezia egoeran egotea izen-ematea hasten den datarako, irailaren 2rako.
Ikastaroak 18 urtetik gorako langabeentzat izango dira, eta urriaren 10ean hasiko dira; amaitu, aldiz, abenduaren 5ean. Ikastaroek 120 ikastorduko iraupena izango dute, eta egunero hiru orduko eskolak eskainiko dira: astelehenetik ostiralera, 10:30etik 13:45era, ordu laurdeneko atsedenarekin.
Ikastaroen helburua da, batetik, euskalduntzea indartzea, eta, bestetik, gizartean egoera okerrenean daudenei euskara ikasteko aukera erraztea. Honela adierazi du Jon Insaustik, Kultura eta Euskarako zinegotzi ordezkariak: “Behar handiena dutenei erraztasunak eman behar zaizkie, baita euskara sustatzeko garaian ere. Langabeek, euskara ikasten badute, etorkizunean lanerako aukera gehiago izatea espero dugu”.
Donostiako Udalak jakinarazi du iaz, guztira, 119 lagunek parte hartu zutela ikastaro horietan, eta ikasleen balorazioa positiboa izan da. Horietatik, %25ak, euskara ikasten jarraitzea erabaki zuten hiru hilabete horien ostean. “Doako ikastaro horiek jaso eta gero, horietako ikasle batzuk euskara ikasten jarraitu zuten, motibatuta aritu diren eta euskara gaitasunean aurrera egin duten seinale” gaineratu du Insaustik.