Eguzkik salatu du Urgulleko komun bateko ur beltzak mendira isurtzen direla
Udalak proiektu bat idazteko eskaera egin zuen duela urtebete Urgullen saneamendu sare bat sortzeko.
Donostiako Udalak «benetako lardaskeria» egin duela adierazi du Eguzki talde ekologistak. Ohar eta bideo baten bidez jakinarazi dute Urgulleko bolborategian dauden komunetako ur beltzak mendian bertan isurtzen direla. «Hori onartezina da. Are gehiago, zigorgarria ere bada, baina, kasu honetan, nork zigortuko du Donostiako Udala?».
Urgulleko ur beltzen isurketaren berri udalak baduela gaineratu du Eguzkik, eta ez dela berria. «Orain dela gutxi arte, komun horretako ur zikinak belaze batean botatzen ziren. Hori eragozteko, belaze horretan bertan lur azpitik doan tutu batean sartu, eta, harresi historikoa zulatuta, orain basotxo batean isurtzen dira».
Ur beltzak saneatzeko ardura udalarena dela azpimarratu du Eguzkik, eta araudia errespetatu beharko lukeela. «Kalean pixa egiteagatik isuna handi samarra bada, zenbatekoa izan beharko luke komun publiko bateko ur beltz guztiak multzo historiko batean botatzeagatik? Premiazkoa da komun hauek saneamendu sareari lotzea».
Saneamendu proiektua
Donostiako Udaleko Ingurumen teknikariek ezagutzen dute bolborategiko komunen arazoa, eta duen hobi septikoa husteko maiztasuna areagotu dutela diote. Horrela ere, udalak proiektu bat idazteko eskaera egin zuen duela urtebete Urgullen saneamendu sare bat sortzeko. Duela gutxi jaso dutela azaldu dute teknikariek, eta 900.000 euroko aurrekontua duela.
Azken legealdietan arazoa mahai gainean izan dutela aitortu dute Ingumen teknikariek. Egun arazoa nabarmenagoa dela diote bolborategiko tabernaren bisitari kopuruak gora egin duelako; batez ere, udan. Horregatik, komunek duten hobi septikoa hustu zuten hilabetearen erdian, eta Eguzkik egindako salaketaren ondoren berriz hustuko dute datozen egunetan. Datorren urterako saneamendu sarea sortzeko asmoa du udalak, eta horretarako hainbat tramite bete behar direla ohartarazi dute teknikariek.