Euskal zinemaren uzta oparoa izango du Zinemaldiak
Sail Ofizialean lehiatuko den 'La trinchera infinita' filma eta Euskal zinemaren galan estreinatuko den 'Agur Etxebeste!' dira esanguratsuenak.
67. Donostiako Zinemaldiak euskal ekoizpenen uzta oparoa izango du. Hamazazpi film luze, film ertain bat eta hiru film labur proiektatuko dituzte hainbat sailetan banatuta. Hala nola, Sail Ofiziala, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira. Euskal zinemaren aurkezpena egin dute Tabakaleran, gaur goizean.
Luzea da zerrenda, oparotasunaren erakusle. Aurten ere, euskal filme batek lekua egin du Sail Ofizialean. Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak zuzenduriko La trinchera infinita filma Zinemaldiko estreinaldi esanguratsuetako bat izango da. Hirugarrenez parte hartuko dute Urrezko Maskorra irabazteko aukera ematen duen sailean.
Bestalde, nabarmentzekoak dira New Directors atalean Maider Fernandez donostiarrak aurkeztuko duen Las letras de Jordi filma, eta Zabaltegi-Tabakalerako Leyenda dorada (Ion de Sosa), Lursaguak (Izibene Oñederra) eta Urpean lurra (Maddi Barber). Baita ere, Perlak saileko O Que Arde (Oliver Laxe) eta Culinary Zinemako Bittor Arginzoniz. Vivir en silencio (Iñaki Arteta), Gazta (Mikel Urretabizkaia) eta Zer jan hura izan (Igor Arabaolaza).
Zinemira oinarri
Euskal zinemari eskainitako sail propioa da Zinemira, eta hamar ekoizpen hartuko ditu fikzioa eta ez-fikzioa, opera primak eta ibilbide luzeko zinemagileen lanak jasota: Varados (Helena Taberna), 70 Binladens (Koldo Serra), Elkano, lehen mundu bira (Angel Alonso), El doble mas quince (Mikel Rueda), Glittering misfits (Iban del Campo), Hiru uhinak (Loic Legrand), La pequeña Suiza (Kepa Sojo), Muga deitzen da pausoa (Maider Oleaga), Paseko txoriak (Juanmi Gutierrez) eta Soinujolearen semea (Fernando Bernues). Horiez gain, Zinemira Kimuak atalean zazpi film labur proiektatuko dituzte.
Aurten, Jose Maria Txepe Lara ekoizleak jasoko du Zinemira saria. Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian, berriz, bederatzi film izango dira –Zinemaldian estreinatuko direnak, alegia–.
Euskal Zinemaren gala irailaren 24an izango da Viktoria Eugenia antzokian. Orduan emango diote saria Txepe Larari, eta ondoren Agur Etxebeste! filma estreinatuko dute.