Irtenbidea eskatzeko boga egin dute Bulebarrean
Irailaren 16an epaituko dituzten 47 euskal herritarren aldeko Irtenbidera boga elkartasun ekintza egin dute Bulebarrean, gaur eguerdian. Hainbat herritarrek parte hartu dute. 47ak Herrian ekimenaren barruan kokatzen da.
11/13 makroepaiketan auzipeturikoei elkartasuna adierazi, eta haien egoera ikusarazteko hainbat jarduera antolatu dituzte Donostian. Bulebarrekoa izan da lehena. Asteartean, Ibon Meñakak eta Haizea Ziluagak makroepaiketari buruzko hitzaldia emango dute Groseko Marruma elkartean 19:00etan.
Egian eta Herreran
Hainbat ekitaldi antolatu dituzte Joxe Herrian lelopean, Egia auzoan. Hilaren 6an, ostirala, 19:30etik aurrera, Plaza Haundin pintxo potea eta elkartasun argazkiak egingo dituzte eta mahai bat ere egongo da informazioarekin. Irailaren 14an, larunbata, “Porrontxotako Elkartasun Eguna” egingo dute, auzoko jaien baitan. Azkenik, makroepaiketaren hasierarekin batera, irailaren 16an, astelehena, elkarretaratzea egingo dute Tabakaleran 19:30ean. 16tik aurrera astelehenero elkartuko dira bertan.
Halaber, Herreran elkartasun eguna egingo dute irailaren 7an, Fernando Herrian lelopean.