Irailaren 16an hasiko dira Santa Klara uharteko arte instalazioa egiteko lanak
Donostiako Udalak eta Pasaiako Portuak Santa Klara uharteko itsasargia lagatzeko hitzarmena sinatu dute. Horren ondorioz, laster hasiko dira instalazio artistikoa uhartean jartzeko lanak, zehazki, irailaren 16an. Jakinarazi dutenez, udalak kudeatuko du faroa, Cristina Iglesias eskultoreak “leku enblematiko horretarako” prestatzen ari den esku-hartze artistikoaren kokalekua izan dadin.
Pasaiako Portuaren Administrazio Kontseiluak joan den uztailaren 30ean erabaki zuen Donostiako Udalari ematea uharteko itsasargiaren emakida, prozesua 2017an hasi arren. Kontzesioak 30 urte iraungo du eta, beste 5 urtez luzatu ahal izango dute. Hala ere, lursailak eta itsasargiak berak Pasaiako Portuari atxikitako jabari publikoa izaten jarraituko dute. Eneko Goia alkateak eta Felix Garciandia Pasaiako Portuko lehendakariak sinatu dute akordioa gaur, udaletxean. Biak pozik agertu dira hitzarmenarekin, eta adierazi dute “horri esker, Santa Klara uhartea nazioarte mailako erreferentzia artistiko eta kulturala” bihurtuko dela.
Hurrengo urratsak
Irailaren 16tik aurrera, behin hondartza denboraldia amaituta, eta “uhartearen erabiltzaileei eragozpenik ez sortzeko”, arte instalazioa egiteko lanak hasiko dira. Udalaren informazioaren arabera, hiru hilabete inguru iraungo dute. Irailaren azken bi asteetan egokitzapen lanak egingo dituzte, eta hustuketa urrian hasiko da. Aldi horretan, uharterako sarrera mugatuta egongo da, baina beheko alderako sarbidea, berriz, (kaia eta hondartza) zabalik egongo da.
Hustuketa fasea “plan zorrotz baten arabera” egingo dutela jakinarazi du udalak, “uhartean ahalik eta eragin txikiena izan dezan”. Horrela, obra-hondakinen eta bestelako hondakinen tratamenduak betetze-maila handia izango du ingurumena babesteko arauei dagokienez, onartutako planaren arabera. Gero, hurrengo faseak etorriko dira. Aurreikusitakoak bere bidea egiten badu, datorren udazkenean hasiko dira eraikina birgaitzeko lanak, Cristina Iglesias eskultorearen obrarako egokitzeko.