Sara Majarenasi eta Izarri babesa emateko agerraldia egin dute emakume feminista, ezkertiar eta independentistek
Agerraldia 25 emakumek egin dute, Egiako parkean. Igandean beste justizia eredu bat aldarrikatzeko egingo den manifestazioan parte hartzeko deia ere egin dute.
Irailaren 10ean hasiko da Izar eta Sara Majarenasen erasotzailearen aurkako epaiketa, Valentzian. Gaur, Egiako parkean, emakume feminista, independentista eta ezkertiarrez osaturiko kolektibo batek salatu du auzi horrekin berriro ere “emakumeon askatasuna eta eskubideak espainiar justiziaren esku geldituko direla”, haien eskubideak “behin eta berriz” urratu dituen justizia bat dela azpimarratuz.
Besteak beste, Majarenas espetxean zegoela, Valentziar Generalitateak Izarren kustodia 24 egunez kendu ziola gogoratu dute, umeak aitaren erasoa jasan ostean. Gainera, haurraren egoera zaila zen arren, Majarenas zigor osoa betetzera behartu zutela nabarmendu dute, eta baita erasotzailea aske utzi zuten bitartean, ama eta alaba “egun osoz kontrolpean” jarri zituztela ere.
Era berean, Kontxako Banderaren bigarren igandean egingo den manifestazioan parte hartuko dutela iragarri dute. Sara Izarrekin plataformak Bizi nahi dut lelopean abiatuko du protesta Bulebarretik, 13:30ean.