Ramon Saizarbitoriaren 'Egunero hasten delako' nobela omenduko dute Poesia Orduak errezitaldietan
Poesia Orduak jaialdia aurkeztu dute Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak, Oier Guillan Metrokoadroka Sormen Laborategiko kideak eta Donostia Kulturako Arantza Urkiak. (Argazkia: Donostia Kultura) Irailaren 9an eta 10ean egingo dituzte aurtengo Poesia Orduak errezitaldiak, Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak antolatuta. Urteroko legez, Euskal Jaien egitarauaren barruan egingo dituzte errezitaldiak Viktoria Eugenia Klub aretoan, eta, emanaldiak ikusteko, gonbidapena eskatu beharko da Viktoria Eugenia Antzokiko lehiatilan, egunean bertan 17:00etatik aurrera.
Astelehenean, hilaren 9an, Egunero hasten den musika emanaldia egingo dute 19:30ean, Ramon Saizarbitoria idazlearen Egunero hasten delako eleberria omenduz, bere 50. urteurrenean. Nobelaren irakurketa musikatua egingo dute, eta honakoak izango dira parte-hartzaileak: Koruko Heras, Susana Mendiola eta Mertxe Parra pianistak, Jabier Muguruza eta Irene Ojanguren abeslariak, Txeli Oroz zeharkako txirula-jotzailea eta Iban Zaldua eta Lourdes Oñederra narratzaileak. Koldo Izagirrek testuen itzulpenak egingo ditu eta Beñat Sarasolak, aldiz, koordinazio lanak egingo ditu.
Hurrengo egunean eta ordu berean egingo dute Munduko poesia kaia errezitaldia, Iraia Elias aktorearekin, Jose Luis Otamendi errezitatzailearekin eta Noemi Viana dantzariarekin. Susa argitaletxeak jarri zuen martxan 2014an Munduko Poesia Kaierak egitasmoa, eta bilduman bildutako poemak ahotsez eta mugimenduz gorpuztuko dituzte. Antolatzaileen arabera, “poesia errezital hibridoa izango da, zeinean poesiaz galdekatuko duten umorez egileek, eta errezitatutako poemak gorputz mugimendu bilakatuko diren”.

