Rodilen 47 etxebizitza egitea onartu du udalak
Donostiako Udalak behin betiko onartu du Rodil eremuko Hiri Antolamendurako Plan Berezia. Hiru eraikin egitea dago aurreikusita; 47 etxebizitza, horietatik bederatzi babes ofizialekoak.
Eneko Goia alkateak adierazi duenez, plan bereziak egun utzita dagoen hiri eremua berreskuratuko du. Horrekin batera, babes ofizialeko etxebizitza eskaintza handitzeko aukera emango duela esan du, eta auzoko hainbat zerbitzu hobetuko direla. Hala nola, Dbusek beste autobus geltoki berri bat jarriko du.
Uliako Auzo Elkarteak urteak daramatza Rodileko hirigintza proiektua salatzen. “500 metro karratuko eremu bat higiezinen agentzia bati saldu dio udalak, eta beraiek urbanizazio pribatu bat eraiki nahi dute piszina eta guzti. Aldiz, inguruan dauden etxebizitzei ez diete inolako irtenbiderik eman, sarbide arazoak dituztelako”, azaldu zuen Felix Sotok iazko uztailean.