60.000 euro bideratu ditu udalak Woody Allenen filmaketaren gastuetarako
Elkarrekin Donostiak egindako salaketaren ostean eman du udalak albistearen berri. Udal taldeak adierazi du gastua 130.000 eurokoa izan dela.
Donostiako Udalak 60.000 euroko partida onartu zuen atzo, Tokiko Gobernu Batzordean. Woody Allen zinemagileak hirian egindako filmaren grabazioak izan dituen gastu batzuk bere gain hartu dituelako udalak. Elkarrekin Donostia udal taldeak egindako salaketaren ostean eman du udalak albistearen berri.
Elkarrekin Donostiak adierazi du 130.000 euroko gastua suposatu duela udalarentzat. Era berean, nabarmendu dute uztaileko bozeramaileen batzordean alkateak esan zuela Allenen filmaren grabaketak ez zuela udal diru kutxan gasturik eragingo.
Udal gobernuak, ordea, dio informazio hori okerra dela. Jarri duten dirua ondorengo baliabideetarako izan dela azpimarratu dute: Miramar Jauregiaren alokairua (48.753,16 euro) Kursaalen alokairua (4.194,22 euro) eta Kosten Zuzendaritzak ezartzen duen tasa (3.000 euro gutxi gorabehera).
Bestalde, adierazi dute Allenen filma interesgarria dela hiriarentzat eta Donostiako Zinemaldiarentzat. Horregatik, udalak ekarpen ekonomiko hori egitea erabaki du.