Martuteneko futbol zelaiko eta Mons udal kiroldegiko hobetze lanak amaitu dituzte
Donostia Kirolak-ek jakinarazi duenez, Martuteneko futbol zelaia eta Mons udal kiroldegia hobetzeko lanak bukatu dituzte. Martutenen, futbol zelaiko belar artifiziala aldatu dute, eta ureztatze sistema berria jarri dute. Udalak egindako inbertsioa 290.000 eurokoa izan da, eta lanak aurreikusita zegoen bi hilabeteko epean amaitu dituzte. Egun, CD Martutenek kudeatzen du zelaia, eta hiriko hainbat futbol taldek erabiltzen dute.
Mons udal kiroldegian, aldiz, kiroletako pistako lurzoru sintetikoaren aldaketa nabarmendu du udalak. Lurzorua 2006an jarri zuten, eta azaldu dutenez, “akats asko zeuzkan”. Aldaketa hori, aurrekontu parte-hartzaileetan sartuta zegoen. Gainera, egitura metalikoa sua prebenitzeko pintura bereziarekin margotu dute. Aurrekontua 105.000 eurokoa izan dela jakinarazi du udalak, eta lanak udako hilabeteetan zehar egin dituzte, “pista erabiltzen duten taldeei eragozpenak gutxitzeko”. Mons udal Kiroldegia CD Internacional de Intxaurrondo elkarteak kudeatzen du, eta bere kiroletako pista hiriko saskibaloi zein futboleko talde askok erabiltzen dute.