Datorren astean irekiko dituzte berriz haurtxokoak, gaztelekuak, Etxarriene eta Kontadores
Udako oporretan itxita egon ondoren, datorren asteazkenean, hilaren 11n, irekiko dituzte berriz Donostiako zortzi haurtxokoak, zortzi gaztelekuak, Etxarriene Auzo Elkartea eta Kontadores Zentroa. Ikasturtearen hasierarekin batera irekiko dituzte gune publiko horiek guztiak, eta erabiltzaileek berriz disfrutatu ahal izango dute eskaintzen dituzten zerbitzuetaz.
Esan bezala, zortzi haurtxoko daude Donostian, honako auzoetan: Aieten, Amara Berrin, Antiguan, Bidebietan, Egian, Grosen, Intxaurrondon eta Martutenen. Berritasunekin datoz ikasturte honetan haurtxokoak, irailaren 11tik aurrera 5 eta 11 urte arteko haurrentzat izango baitira. Antiguakoa izango da salbuespena, 9 eta 12 urte arteko haurrentzat izatetik, 8 eta 11 urteko haurrentzat izango baita hemendik aurrera. Aipatu auzoetan daude, baita ere, Donostiako zortzi gaztelekuak, eta hauek ere berrikuntza batekin datoz, irailaren 11tik aurrera 12 eta 17 urte arteko gazteentzat izango baitira.
Martuteneko Etxarriene Auzo Elkarteari dagokionez, musika, antzerkia eta hitzaldiak eskaintzen ditu urtean zehar, eta 16:30etik 20:30era egoten da irekita. Bidebietako Kontadores Zentroak, aldiz, 18 eta 30 urte arteko gazteen parte-hartzea eta espresio kulturala sustatzea du helburu, eta honako ordutegia du: Astelehenetik ostiralera 17:30etik 20:30era eta larunbatetan 17:30etik 21:30era.