Intxaurrondo Zaharreko bizilagunek badute alkate berria, eta hasi dira jaiak
Intxaurrondo Zaharreko jaiak hasi dira. 20:00etan bota dute txupinazoa, eta ohi bezala, auzoko alkate berriaren izendapenarekin hasi dituzte festak. Aurten, lehen aldiz, emakume alkategai gehiago aurkeztu dira gizonak baino, eta boto kopuru handiena lortu dituena Nerea Leiro izan da. Antolatzaileen arabera, erraz garaitu ditu Leirok bere aurkariak. Erdikoa taberna aurreko balkoitik egin du pregoia iazko alkateak, Martin Etxeberriak, eta ondoren, Leiroren izendapena formalizatu dute: alkatearen banda, xistera eta makila jarri dizkiote. Maixa Alba izan zen lehen alkate emakumea, eta erreleboa hartu dio orain Leirok.
Gainera, urtero moduan, Urteko Intxaurrondotarraren Saria ere banatu dute. Aurten “jai herrikoien aldeko lana” saritu nahi izan dute Intxaurrondo Zaharrekoek, eta, horregatik, Intxaur jaien jai batzordeari eta Traganarrua kofradiari eman diete saria. Sarituak oso pozik agertu dira, eta txantxetan herritarrak animatu dituzte jai batzordera batzera: “Lizardi bidea igo besterik ez duzue egin behar! Gainera, eskailera mekanikoak daude orain!”. Txupina bota ostean, Festara! saioa egin du abesbatzak, eta jaietako lehen eguna amaitzeko sardina jana egingo dute Letaman gaztetxeko plazan.
Intxaurrondo Zaharrekoek, asteburu osoa dute aurretik, eta jaietan murgiltzeko makina bat jarduera.
Irudi bilduma bat osatu dugu arratsaldeko argazkiekin: