Udara amaitu arren, auzoetako jaiek ez dute etenik
Atzean gelditu dira udarako hilabete bero eta bizienak. Hala ere, donostiarrei jai giroan jarraitzeko arrazoirik ez zaie falta. Asteburu honetan auzoko jaiak egingo dituzte Txomiñenean, Intxaurrondo Zaharrean, Añorga Txikin eta Aieten.
Festarako gogoa duen edonork, gozamenerako aukera zabala izango du asteburu honetan gure hirian. Kontxako Banderaz eta Euskal Jaiez gain, hiriko lau auzotan festak ospatuko dituzte: Txomiñenean, Intxaurrondo Zaharrean, Añorga Txikin eta Aieten. Intxaurrondo Zaharreko auzotarrak izan dira goiztiarrenak, izan ere, atzo egin zuten jaien hasierako ekitaldia. Luzeenak, aldiz, Aietekoak izango dira, gaur hasi eta datorren asteburura ere luzatuko dira eta.
XCIX. Intxaurrondo Zaharreko jaiak abian dira. Ohi bezala hasi zituzten atzo, auzoko alkatetzarako hauteskundeekin. Jai batzordeko Maixa Albak nabarmendu duenez, lehen aldiz, emakume alkategai gehiago egon dira gizonezkoak baino. Gainera, berrikuntza gisa larunbaterako antolatu duten itsas hondakinen tailerra azpimarratu du Albak. 16:30ean izango da, plazan. Horrez gain, gaurko afari herrikoia berezitzat du jai batzordekoak. Honako menua izango dute Intxaurrondokoek: salda, kroketak, entsalada, lasagna, postrea, eta kafea; ondoren, bingo musikatua egingo dute.
Urtetik urtera errepikatu dituzten hainbat jarduera arrakastatsu ere programatu dituzte aurten, besteak beste, gastronomia lehiaketak (patata tortila txapelketa eta marmitako leihaketa) eta urteroko herri kirol desafioa; aurten, San Pedrokoak izango dituzte aurkari. Musika eskaintza zabala ere antolatu dute, eta gauero hainbat kontzertu egingo dituzte: gaur, ostiralean, Nikotina eta Bad Sound System-en kontzertuak izango dira; bihar, larunbatean, Atxurra, Pavloven Zakurrak eta Young Kids; azkenik, igandean, Iker Lauroba eta beste urtaroak taldeak kontzertua egingo du, jaiei amaiera emateko.
Txomiñeneko jaiak
Azken denboran hirian gehien aldatu den auzoa da Txomiñenea. 2018ko azaroan banatu zituen Donostiako Udalak auzo berriko lehen hamar etxebizitzen giltzak, eta ordutik, bizilagun berri ugari hartu ditu Urumearen erriberako auzoak. Orain, bizilagun zaharrak eta berriak prest daude jaietarako. Gaur hasiko dira, eta asteburu osoa hartuko dute. Aurtengo berrikuntza nagusia jaien kokalekuaren aldaketa izango da: behin behineko kirol pistan egingo dituzte, Arteleku plazan. Gainera, antolatzaileek, Lanberri bizilagunen elkartekoek, «jai jendetsuak» izatea espero dute, auzoaren demografiaren hazkundearen isla.
Gaur botako dute jaien hasierako txupina, buruhandiekin; txokolate jana ere egingo dute. Jaiak amaitzeko, aldiz, holi festa eta traka egingo dituzte igandean, 20:00etan. Gaurko afari herrikoia nabarmendu du Moises Alvaro jai batzordeko kideak. Gero, musika izango da gaueko protagonista: hasteko, Gedar – Rock Covers taldeak kontzertua egingo du, eta gaua bukatzeko DJ The Cue-ren musika emanaldia egingo da karpa barruan.
Larunbata goizean, haurrak izango dira protagonista. 11:00etan jaietako horma-irudi bat margotuko dute, 12:00etan haurrentzako ikuskizuna egongo da Txirinbolo, Gari, Montxo eta Joselontxorekin, eta 13:00etan marrazki lehiaketa eta eskulanen tailerra egingo dituzte. Arratsaldez, Pulitxomin saria banatuko dute, auzoko argazkirik politena hautatu eta gero. Gauean, piromusikala berreskuratuko dute, izan ere, iaz ezin izan zuten egin. Gaua musikaz beteko dute, Tropicana Son-en doinuekin. «Iazko arrakasta ikusita, errepikatzea erabaki dugu», adierazi dute. Gauean zehar, Maitasunaren Tonbola egingo dute, eta parte hartzen dutenentzat, hainbat opari berezi banatuko dituzte. Urtero bezala, Miss eta Mister Txomin-en hautaketa ere izango da. Igandean, jaien azken egunean, bazkari herrikoia egingo dute, «paella jatea herrikoia», zehazki. Aurten, Disney ikuskizuna errepikatuko dute, Eureka Dance taldearekin. Lanberri auzo elkartekoek, bizilagunen eta laguntzaileen papera goraipatu dute, eta nabarmendu dute beraien laguntzarik gabe, jaiak ospatzea ezinezkoa izango litzatekeela.
Añorga Txikin ere
Hiriaren beste aldean ere izango dute parranda egiteko aukera. Añorga Txikin gaur egingo dute txupinazoa, 18:00etan, eta ordutik aurrera, auzotarrek ez dute aspertzeko astirik izango. Gainera, aurten, txosna jarri dute auzoko frontoian. Pozik agertu dira jai batzordekoak berritasunarekin, izan ere, azken urteetan ez dute horrelakorik izan. Berrikuntza gisa nabarmendu dute ere 19:30ean egingo duten I. Haurren Bizkotxo Txapelketa. Añorga Txikiko haurrek, baina, bizkotxoa bustitzeko aukera izango dute, izan ere, txapelketarekin batera antolatu dute txokolate jana. Ondoren, poteo herrikoia abiatuko dute Atotxa Erreka elkartetik, eta 22:30ean ekingo diote auzotar askok gehien espero duten uneari: txosna irekierari. Gau osoa aurretik izango dute orduan Añorgakoek.
Larunbatean, berriz, goiz murgilduko dira auzotarrak jaietan: 10:00etan goitibeheren jaitsiera egongo da, eta txikienentzat jolasak egingo dituzte Amassorrain ikastolan. Gastronomia gustuko dutenak pozik ibiltzeko aukera izango dute eguerdian, izan ere, sagardo eta sardina dastaketa, patata tortila txapelketa eta paella jana herrikoia egingo dituzte. Gauean, Herenegun taldearen emanaldia izango da, eta jai batzordekoek «kontzertu arrakastatsua» izatea espero dute.