Erraustegiaren itxiera aldarrikatzeko giza katea egin dute Kontxan
Uretan arraunlariak Kontxako Bandera lortzeko lehian ari ziren bitartean, Kontxa hondartzako hondar gainean urteroko hitzordua errepikatu du Errausketaren Aurkako Mugimenduak. Pertsona andana elkartu da Zubietako erraustegiaren aurkako giza katea egiteko, eta beste behin, errausketa plantaren jarduna bertan behera gelditzeko eskatu dute. Giza katean parte hartu duten hainbat herritarrek letra handiz osatutako panelak erakutsi dituzte, Osasuna bai. Errausketarik ez leloarekin, eta horrez gain, hainbat pankarta ere ikusi ahal izan dira.
@ErrausAurkMugi ren giza katea Kontxan! Hondartza inguratzen ari dira. @GipuzkoaZutik @OEIT_GEIS pic.twitter.com/fYQCfrCeCX
— noaua (@noaua) September 8, 2019
Errausketaren Aurkako Mugimenduko bozeramaileak gogorarazi du, hamabost urte direla erraustegiaren lanak gelditzeko eskatzen hasi zirenetik. Jakinarazi du aurreikusita dagoela errausketa planta “urte amaieran” jarriko dutela martxan, eta, urrian aldiz, labeen probak egingo dituztela. Bere ustez, azpiegitura hori ez da beharrezkoa: “Gipuzkoan 70.000 tona hondakin sortzen ditugu, eta erraustegiak 200.000 behar ditu”. Gainera, ohartarazi du herritarren osasunean kalteak eragingo dituela.
Erraustegiaren aurkako mugimendua atsedenik gabe ari da lanean, eta dituzten helburuak lortzeko neurri eta egitasmoak antolatzen ari dira etengabe. joan den ostegunean, hain zuzen, Zubietako herritarrek erraustegiaren inguruan dauden lursail, landare eta arrautzetan laginak hartuko dituztela iragarri zuten, kutsadura maila neurtu eta erraustegiak eragin ditzakeen kalteak agerian jarri ahal izateko.