Orioko emakumeek aise irabazi dute Kontxako Bandera, eta gizonezkoetan Hondarribia izan da garaile
Erraz irabazi dute Kontxako Bandera Orioko emakumeek. Gizonezkoetan lehia biziagoa egon da Hondarribia eta Orioren artean, baina berdeek eramango dute bandera etxera.
Kolorez bete dira beste urte batez gure hiriko kaia eta Parte Zaharra. Kontxako Bandera da Donostiako egun garrantzitsuenetako bat, eta arraun zaleek ez dute hutsik egin. Arraunlariek ere dena eman dute, baina jakina den bezala, Kontxako Bandera bakarra da, eta, hortaz, irabazle bakarra egon daiteke. Emakumezkoen estropadan aise gailendu da Orio, eta Euskotren Ligan lortutako arrakastari Kontxako Bandera gehitu diote. Orioko emakumeek historia egin dute gaur, izan ere, lehen aldiz irabazi dute bandera. Fin ibili dira oriotarrak, eta bigarren tokian zihoan Arraun Lagunaken traineruari 22 segundo atera dizkio denera. Bi igandeetako emaitzak kontuan hartuta, honela gelditu da sailkapena:
- Orio: 21.28.45
- Arraun Lagunak: 21.57.42
- Hondarribia: 22.04.20
- Hibaika: 22.07.16
- Donostiarra: 22.13.40
- San Juan: 22.19.40
- Riveira: 22.22.66
- Zumaia: 22.50.28
Arraun Lagunakeko neskek ere dena eman dute, baina emaitzak ez dira espero zituztenak izan. Bigarren iritsi dira Donostiakoak helmugara, eta Xubane Uribarrena taldeko kidearen arabera, egokitu zaien kaleak kalte nabarmena eragin die. Hibaikaren trainerua ere gertu izan dute estropada osoan zehar. Hala ere, harro agertu da arraunlaria Kontxan eta denboraldi osoan egindako lanarekin. “Talde horren txikia izanik, lortzen ari garena oso pozik egoteko modukoa da”, baieztatu du Uribarrenak.
Donostiarrako neskak aldarte onagoan iritsi dira kaiko arrapalara. Lehen txandan atera dira Donostiarrakoak, eta bigarren denbora hoberena egin dute: Hondarribiakoak baino bost segundo beranduago heldu dira helmugara. Sailkapen orokorrean bosgarren postuan gelditu dira, eta joan den igandeko sentsazio txarrari aurre egiteko aukera izan dute. “Irteeran oso kontzentratuta geunden, eta oso ondo atera da. Egia da bukaeran burua joan egin zaigula, baina, hala ere, estropada polita egin dugu”, adierazi du Maialen Alkorta Donostiarrako kideak.
Iazko arrakasta errepikatu du Hondarribiak
Gizonezkoetan, berriz, Kontxako Banderak kolore berdea hartu du aurten. Lehia bizia izan da Orio eta Hondarribiaren artean, baina, azkenean, iazko arrakasta errepikatu, eta etxera eramango dute bandera Hondarribikoek. Gizonezkoen estropadaren bigarren txanda tentsio unez josita egon da, eta Orio sendo irten den arren, (lau segundoko aldea atera dio hasieran Hondarribiari), ziabogan aurrea hartu dio talde berdeak. Azken 700 metroetan izan da lehia biziena, eta lau segundoko aldea segundo bakarrera murriztu dute Oriokoek. Azkenik, bi egunetako denborak kontuan hartuta, Hondarribia izan da garaile, Oriorengandik sei segundora. Honela gelditu da gizonezkoen azken sailkapena
- Hondarribia: 39.01.58
- Orio: 39.08.38
- Santurtzi: 39.24.86
- Donostiarra: 39.26.62
- Urdaibai: 39.32.30
- Zierbena: 39.38.20
- Ondarroa: 39.50.22
- Kaiku: 40.28.04
Donostiako traineru bakarra aritu da lehian gizonezkoen estropadan, eta lan ona egin dute gaur Donostiarrako mutilek. Lehen txandan aritu da lanean Donostiako trainerua, eta laugarren kalean aritzea egokitu zaie. Txanda birobila egin dute mutilek, eta lehenengoak heldu dira helmugara, Urdaibaikoak atzetik zituztela. Xabat Pastor Donostiarrako kidea “oso pozik” agertu da estropadaren ostean. Honakoa adierazi du: “Hasieran atzetik ikusi dugu geure burua, baina segituan gure arraun egiteko moduan sartu gara, eta asmatu egin dugula dirudi”.