Sara Majarenas eta Izarren aldeko manifestazioa Bulebarretik ateratzen. (Argazkia: Irati Salsamendi)
Kontxako Bandera ez da izan Donostian gaur jendetza bildu duen ekitaldi bakarra. Ehunka pertsona elkartu ditu Sara Majarenas eta Izarri babesa adierazteko manifestazioak. Sara Izarrekin plataformak deitutako mobilizazioa 13:30ean hasi da Bulebarrean, eta Erdialdeko kaleetatik zehar abiatu da Justizia hau ez da gurea. Sara eta Izarrekin, elkartasuna lelopean. 2017ko urtarrilean, Majarenasen bikotekide ohia 2 urteko alaba Izar hiltzen saiatu zen, ama espetxean preso zegoen bitartean. Asteartean hasiko dute epaiketa Valentzian, eta gaurko mobilizazioaren helburua izan da ama-alabei elkartasuna adieraztea.
Joan den otsailaren 15ean, epaileak baldintzapean aske utzi zuen erasotzailea, eta fiskaltzak eta akusazio partikualrrak epaiketa egin bitartean espetxeratzeko eskatu arren, epaileak erabaki zuen gizonak ez duela ihes egiteko arriskurik. Majarenasen sostengu sareak, mugimendu feministak eta hainbat eragile sozialek behin eta berriro salatu dute donostiarrak “salbuespenezko” egoera bizi duela. Mobilizazioan izan da Majarenasen ama, Kontxi Ibarrondo, eta aitortu du ez duela askorik espero auzitegietatik. Ibarrondok baieztatu izan du “erasotzailearen beldur ez ezik justiziaren beldur” ere badirela.
Gaur ere, orain arte Sara Izarrekin plataformak eta mugimendu feministak egindako aldarrikapena ekarri dute gogora: beste justizia eredu bat. Era berean, Ibarrondok adierazi du gizartearen presioak soilik lortuko duela “benetako justizia” egitea. Antolatzaileek prebentzioaren garrantzia nabarmendu dute, zigorraren gainetik: “Aurretiazko neurriak hartzea da gakoa, eta horietako bat da emakumeak baztertu eta zapaltzen dituen sistema patriarkala eraldatzea”. Honako datua helarazi dute: Hego Euskal Herrian, 4.869 emakume daude neurri judizialen pean, eta askoz gehiago dira mehatxupean bizi arren, inolako neurririk ez dutenak.
Hona hemen manifestaizoaren amaieran plataformako kideek irakurri duten manifestua:
Mila esker Sara, Izar eta, oro har, emakumeen eskubideen aldeko deialdi honetara bertaratu zareten guztioi. Doakie, bide batez, besarka handi bat gaur Hondarribiko alardean Jaizkibel konpainian parte hartu duten emakume guztiei. Gora zuek! Guztion artean lortuko dugu!
Azken asteetan esan dugun bezala, epaileak Izar eta Sararen erasotzailea aske utzi zuenetik, beldur eta mehatxupean bizi dira ama-alabak. Baina ez dira bakarrak: Hego Euskal Herrian, 4.869 emakume daude neurri judizialen pean. Eta askoz gehiago dira mehatxupean bizi arren inolako neurririk ez dutenak. Izan ere, 2003tik, 101 emakume eta 11 haur hil ditu biolentzia matxistak Euskal Herrian.
Guztiei urratzen zaie libre bizitzeko eskubidea, asko baitira indarkeria matxista kasuetan sistema judizial honek erakutsitako paradoxak: eraso matxistaren biktimak izanik, emakumea da egun osoz kontrolpean eta lokalizaturik bizitzera behartzen dena. Eta honek guztiak ezinegon handia eragiten die egoera honetan dauden ehunka emakumeri, erasotua baino erasotzaile moduan tratatuak direla sentitzeraino.
Sara eta Izar erasotuak izan zirenetik etengabeak izan dira, berez, euren eskubideak babestu behar zituen sistema judizial honen aldetik etorritako erasoak, justizia honek emakumeok babestu beharrean berbiktimizatu egiten baikaitu. Ondorioz, ez dugu konfiantzarik epaiketak izan dezakeen bilakaeraren inguruan. Aitzitik, San Ferminetako talde bortxaketaren kasuan argi ikusi zen bezala, soilik jendartearen mobilizazioak ekar lezake justizia honen norabide aldaketa: Bortxaketa bortxaketa delako, ez abusua, eta eraso matxista ez delako eraso arrunt bat, menderakuntza sistema baten adierazpen bat baizik.
Baina gaurkoan harago joan nahi dugu. Egungo justizia sistemak zigortzea du helburu, zigor eta espetxe sisteman oinarritzen da nagusiki. Aldiz, erasoak ekiditeko prebentzio politiketan inbertitu beharra dagoela uste dugu, erasoa gertatu ondoren kaltea errepara ezina izanik aurretiazko esku-hartzea baita gakoa.
Eta prebentzio neurriez harago ere, egiturazko aldaketak ere eragin behar direla uste dugu; bere oinarrian dauden desberdintasunak desagerrarazteko ezinbestekoa baita emakumeak baztertu eta zapaltzen gaituen sistema patriarkala eraldatzea; hain justuki, justizia sistema honek hain ongi ordezkatzen duen sistema patriarkala irauliaraztea. Horretan eragitea berebizikoa da egunen batean emakumeok libre eta beldurrik gabe bizi ahal gaitezen.
Dakizuen bezala, asteartean eta asteazkenean izango da Sara eta Izarren erasotzailearen aurkako epaiketa. Eta Valentziako Lurralde Auzitegian izango den arren, gertutik jarraituko dugu epaiketaren bilakaera. Argi baitugu, emakume eta herritarron mobilizaziorik gabe ez dagoela gure eskubideak babestuko dituen auzitegirik, ez justizia sistema honetan behintzat. Izarrek, Sarak eta emakume guztiek epaiketa justu bat merezi dutelako eta, funtsean, emakumeok libre eta beldurrik gabe bizi nahi dugulako.
Izar eta Sararen aldeko Babes Plataforma.