Donostiako "turismo eredu jasangarria" aurkeztuko dute San Petersburgon
'Love San Sebastian, Live Donostia' udalak garatutako proiektua hautagaia da sari bat irabazteko.
Turismoaren Munduko Erakundearen Batzar Orokorra egingo dute San Petersburgon (Errusia), bihar eta etzi. Donostiako Udalaren ordezkaritza bat han da Eneko Goia alkatea buru duela, eta “hiriaren turismo eredu jasangarria” aurkeztuko dute.
“Donostiak urteak daramatza apustu argia egiten turismo jasangarriaren alde, hain zuzen ere, jatorria, nortasuna eta ohiturak zaindu eta erakusten dituen ereduaren alde”, azpimarratu du Goiak. Turismo ereduaren aurkezpenean alkatearekin batera parte hartuko dute Ernesto Gasco Turismo zinegotziak eta Manu Narvaez Donostia Turismoko zuzendariak.
Turismoaren Munduko Erakundeak ematen dituen hainbat kategorietako sarien banaketan parte hartuko du hiriak, eta hautagaia da Gobernantza eta Politika Publikoetan berrikuntza eta jasangarritasunaren saria jasotzeko. Hain zuzen ere, udalak garatutako Love San Sebastian, Live Donostia proiektua da hautagaia. Sari banaketa bihar izango da. “Hiria saria hau jasotzeko hautagai izateak erakusten du arlo honetan egiten ari den lanari balioa ematen diotela Nazio Batuen Turismo erakunde gorenean”.
Turismoaren Munduko Erakundeak antolatutako Turismo Gastronomikoaren buruzko bi kongresu eta Erakundearen Batzar Exekutiboaren bilera hartu ditu Donostiak, eta orain hiria bera da Batzar Orokorrean parte hartuko duena.