Zientzia eta zinema elkartuko ditu Zinemaldiak Belodromoan
Elkarlanean ariko dira Donostiako Zinemaldia, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Euskadiko Filmategia. Zientzia eta zinema uztartuko dituzte datorren Zinemaldian. Zehazki, DIPC-eko zientzialariek aurkeztuko dute Belodromoan Gipuzkoako ikastetxeentzat programatuko den filma: Tximinoen erresuma. Goizez egingo dira emanaldiak, hilaren 20an eta hilaren 23tik 27ra.
Filma testuinguruan kokatu eta ikusleei zientziaren zein ekarpen zientifikoaren informazioa helaraziko diete zientzialariek. Zinemaldiak eta DIPCek elkarrekin aukeratu dute filma, eta euskarara bikoiztuta proiektatuko da.
Iaz antolatu zuten aurreneko aldiz Euskadiko Filmategiak eta DIPC-ek zientziari buruzko ziklo bat. Harrera oso ona izan zuela azpimarratu dute, eta horregatik beste ziklo bat antolatu dute aurten. Dena dela, oraingoan haur zein nerabeei zuzenduriko eskaintza prestatu nahi izan dute.
“Belaunaldi berriak hein handi batean zientifikoa eta teknologikoa den kultura batean jaio dira. Aplikazio eta modetatik harago, gure ustez garrantzitsua da zientziaren ekarpenak ezagut ditzatela, eta horien inguruan hausnar dezatela”, azaldu du aurkezpenean Pedro Miguel Etxenikek, Donostia Physics Centerreko presidenteak.
Elkarlana azpimarratu du Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak: “Azken urteotan, Zinemaldiak hainbat lankidetza bultzatu ditu beste sektore batzuekin. Zientzia munduarekin hasi dugun elkarlana oso garrantzitsua da guretzat. Zientzia funtsezko sektorea da ikus-entzunezkoaren garapenerako. Gure hirian zientziagintza duen garrantzia ikusgarria da. Kasu honetan, zientzia eta haurrak gerturatu nahi ditugu, modu errazean eta dibertigarrian”.