Espero bezala, festa alai eta jendetsuak izan dituzte Txomiñenean
Egunotako eguraldiak erakusten du uda amaitzear dela, baina, hala ere, Donostiako auzo askotan jai giroan igaro dute asteburua. Txomiñenean, esaterako, ostiralean hasi zituzten jaiak, eta Lanberri auzo elkarteko kideek aurreikusi bezala, jai jendetsuak izan dira aurtengoak; hain zuzen, bizilagun berri asko joan dira bizitzera azken urtean, eta bizilagun berriek eta zaharrek ez dituzte jaiak galdu nahi izan. Aurtengo berrikuntza nagusia jaien kokalekuaren aldaketa izan da: behin behineko kirol pistan egin dituzte jaiak, Arteleku plazan.
Egitarau oparoa antolatu du aurten Lanberri auzo elkarteak, eta jaietarako aukeratu duten leloa izan da Txomin power!. Auzo elkarteko kideak argazkiak egiten aritu dira asteburuan zehar, eta irudi bilduma batean bildu ditugu. Datorren urtean, gehiago!