Harmaila guztiak eraikita, Anoetak behin betiko inaugurazioa izango du larunbatean
Realak larunbatean (18:30) Atletico Madrilen aurka jokatuko duen neurketak Anoeta berrituaren behin betiko estreinaldia egiteko balioko du. 2017ko maiatzean hasitako obra bere azken fasea burutzen ari da estadioaren iparraldeko harmailaren eraikuntzarekin, eta astebururako dena prest edukitzea aurreikusten du talde donostiarrak. Hori dela eta, Realak bideo bat egin du estadioan egun hauetan zehar jasotako irudiekin.
Prekaritatez jositako obra
Hasi zirenetik, Anoeta estadioa birmoldatzeko obrak nahiko gatazkatsuak izan dira bertako langileen baldintza prekarioengatik. Izan ere, eraikuntza lanek hedabideetan izan duen presentzia sindikatuen salaketei dagokie batez ere: iruzurra, istripuak, baldintza kaskarrak, dokumentuen faltsutzea…
ELA sindikatuak obrako baldintzen etengabeko behaketa egin du, eta jarritako salaketei esker, eraikuntzan parte hartu duten hainbat enpresa azpikontratatu estadiotik kanporatzea lortu du. Ekainean eginiko agerraldian, dagoeneko hemezortzi enpresa salatu zituela jakinarazi zuen sindikatuak. Hala ere, obraren esleipenduna den Moyua-Altuna y Uria enpresen aldi baterako batasunak (EAB) enpresa horiek lurraldeko beste eraikuntzetara lekualdatu dituztela salatu zuen Igor San Josek, ELA-ko eraikuntzako arduradunak, IRUTXULOKO HITZAk iaz argitaratutako erreportajean.
Salaketak ugariak izan diren arren, obrak hainbat irregulartasun agertu ditu azken hilabetera arte. Izan ere, joan den abuztuan, lanetako garabi bat iraultzeko zorian egon zen, harmailen kokatze lanetan ari zela. Aste batzuk lehenago, berriz, obrako langile bat 20 metroko altueratik erori eta larriki zauritu zen estadioaren estalki bat askatu ostean.