Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zuzendari posturako udalak ez du euskara ezagutzeko eskakizunik ezarri
EH Bilduk Donostiako Udal Gobernuak harturiko erabaki bat kritikatu du ohar baten bidez: “Eneko Goiak euskaraz ez dakien zuzendari bat izendatzea ez doa euskararen erabilera normalizatzeko bidean”. Hain zuzen, udalak deialdia ireki du Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zuzendari berria aukeratzeko. Lanposturako ez euskara ezagutzeko eskakizunik ezarri. “Euren soldata ia 80.000 eurokoa izango da”.
Udal taldeak azpimarratu duenez, Hizkuntza Politikako Sailordetzak VI. Plangintzaldiko bere irizpideetan proposatu dituen euskara gaitasunak, zuzendaritza organoetarako, C1 edo C2 mailakoak dira. “Hain zuzen, aipagai dugun zuzendari lanpostuarekin batera argitaratutako beste hiru deialdietan –Zeharkako Zerbitzuak, Ekonomia Kudeaketa eta Hirigintza Sostengarria– euskarako C1 maila eskatu da. Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zuzendaritzarako, ordea, ez du euskara ezagutzeko beharrik ezarri, eta soilik merituen artean sartu du”.
EH Bilduk dio kezkagarria dela udal gobernuak erabaki hau hartu izana, “kontraesankorra eta arduragabea delako”. “Erabaki hori ez doa euskaren erabilera normalizatzeko udal langileek eta erakundeak urtetan egindako ahaleginaren bidean, eta eragingarri eta eredugarri izateko aukera zapuzten du”.
Horiek horrela, udal taldeak Eneko Goia alkateari eskatu dio Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zuzendari lanposturako eskakizunen artean euskara eskatzea, eta Euskara Planaren irizpideetatik kentzea funtzionari ez izategatik euskara gaitasuna ez eskatzea ahalbidetzen duen aukera.