Urteurrena behar bezala ospatzeko denboraldia antolatu dute
Kursaal Eszena egitaraua osatuko dute, besteak beste, Omara Portuondo, Vetusta Morla, Ludovico Einaudi eta Los Secretos taldeek, urriaren 19tik urtarrilaren 31ra bitartean

Kursaalaren 20. urteurrena ospatzeko Kursaal Eszenak hamabi emanaldi antolatu ditu denboraldi berrirako. Urtemuga azaroaren 28an izango da, Kursaal 20 Urte gala ekitaldiarekin. Urriaren 19an abiatuko da denboraldia, eta 2020ko urtarrilean izango du bukaera.
Hain zuzen ere, Musika Familian programazioko ikuskizun batek emango dio hasiera denboraldiari. Musika klasikoaren proposamenekin, berriz, urriaren 27an hasiko dira; Geneva Camerata, David Greilsammer-en zuzendaritzapean, Juan Kruz Diaz de Garaio koreografo eta dantzariarekin batera ariko da. Hamburgoko NDR Philharmonie orkestrak eskainiko du hurrengo kontzertua, azaroaren 12an.
Martha Argerich pianoaren dama handia izango da Kursaalera heltzen hurrengoa (azaroak 23), herrialde baltikoetako musikari gazteek osatzen duten Kremerata Baltica ganbera orkestrarekin batera. Concerto Köln ganbera taldeak, ostera, Mayumi Hirasaki kontzertino japoniar ezagunaren gidaritzapean (abenduak 14). Kursaal Eszenaren denboraldi klasikoa, urtarrilaren 23an bukatuko da Javier Camarena abeslari lirikoaren errezitaldiarekin.
Gainerako musika eskaintza
Omara Portuondo abeslari kubatarra izango da bestelako musiken egitarauari dagokionez, proposamen esanguratsuenetakoa. Omara es Cuba – El Ultimo Beso bere azken bira handia aurkeztuko du urriaren 30ean. Kubako izarrari Vetusta Morla taldeak hartuko dio lekukoa, eta azaroaren 2an emango dute kontzertua. Bestalde, Ludovico Einaudi piano jotzailea (azaroak 4) –sarrerak agortuta daude–, eta Los Secretos talde beteranoa (urtarrilak 31) ariko dira Kursaalean.
Musika Familian, haurrentzako apropos atondutako programazioak, bi ikuskizun ezberdin hartuko ditu: Aske! Musikala, non Aske Fundazioak sexu aniztasunaren gaia eszenaratzen duen endredozko komedia musikal batekin (urriak 19). Azaroaren 30ean, berriz, etxeko txikienek Route 6.6 ikuskizunarekin gozatzeko aukera izango dute.
Urteurreneko gala
Esan bezala, Kursaalaren 20. urteurrena ospatzeko festa azaroaren 28an izango da. Emanaldian artista ezagunek parte hartuko dute. Hala nola, Euskadiko Orkestra Juan Jose Ocon zuzendariaren gidaritzapean eta Orfeoi Gazte-rekin batera; Lucía Lacarra dantzaria; Elena Sancho Pereg sopranoa, eta Izaro, Mikel Erentxun eta Eñaut Elorrieta abeslariak.