Izar Majarenasen aita behin-behinean espetxeratzeko agindua eman du epaileak
Atzo hasi zen Sara Majarenasen bikotekide oiharen aurkako epaiketa, baina hurrengo saioa urriaren 16ra arte atzeratu dute, lekuko baten eta bi perituren deklarazioen faltan. Akusatua ordura arte espetxeratzeko agindua eman du epaileak, fiskaltzaren eta akusazio partikularraren eskaeraren harira.
Atzo hasi zen Stytianos Messinezisen aurkako epaiketa Valentziako Probintzia Auzitegian. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak 30 urteko espetxe zigorra eskatu dute Izar laban batekin eraso zuen gizonarentzat, alaba hiltzen saiatea eta Sara Majarenasi lesio psikikoak eragitea egotzita.
Epaiketaren amaiera gaurko zegoen aurreikusita, baina lekuko baten eta bi perituren deklarazioen faltan, hurrengo saio bat egin beharko dute urriaren 16an. Ordura arte, ordea, otsailetik aske egon den gizona berriro ere espetxeratzeko agindua eman du epaileak, ‘Berria’ egunkariak argitaratutako albistearen arabera.
Izan ere, goizean eginiko saioan, Valentziako La Fe ospitaleko (Herrialde Katalanak) bi arduradunek eta bi peritu medikok onartu dute Messinezisek alaba “berehala hiltzeko arriskuan” utzi zuela, eta frogen sendotasuna eta zigor eskaeraren tamaina kontuan hartuta, akusatuak ihes egiteko arriskua areagotu egin dela ondorioztatu du epaileak.