'El hoyo' filmarekin hasiko da Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea
Galder Gaztelu-Urrutia zinemagile bilbotarraren El hoyo lehen film luzearekin hasiko da urriaren 26an Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 30. Astea. 913 (2004) eta La casa del lago (2014) film laburrak zuzendu ondoren, bere lehen film luzea aurkeztuko du Gaztelu-Urrutiak, eta David Desolak eta Pedro Riverok idatzi dute gidoia. Parte hartu duten aktoreak, aldiz, Ivan Massague, Antonia San Juan, Zorion Egileor, Emilio Buale eta Alexandra Masangkay dira. Bestalde, Hideo Nakata The Ring sagaren zuzendari japoniarra estreinakoz egongo da Donostian, aipatu saga eguneratuko duen Sadako filma aurkeztera.
Jaialdiko sarrerei dagokienez, urriaren 18an jarriko dituzte salgai Antzoki Zaharreko abonamenduak, eta urriaren 21ean Viktoria Eugenia Antzokikoak, bakoitzaren lehiatiletan. 82 euroko prezioa izango dute Antzoki Zaharrekoek, Folk Horror – Lo ancestral y el cine fantastico liburuarekin, eta 77 eurokoa libururik gabe. Viktoria Eugenia Antzokikoek, ordea, 16,50 euroko prezioa izango dute. Egun horietan ere jarriko dituzte salgai sarrera solteak aipatu lehiatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean, 7,50 eurotan.
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko egitaraua osatuko duten hainbat film ere aurreratu dituzte:
- Amigo (2019). Oscar Martin. Espainia.
- Bliss (2019). Joe Begos. AEB.
- Bullets of Justice (2019). Valeri Milev. Kazakhstan-Bulgaria.
- Darlin’ (2019). Pollyanna McIntosh. AEB.
- It Comes / Kuru (2019). Tetsuya Nakashima. Japonia.
- Little Monsters (2019). Abe Forsythe. Australia.
- The Pool (2018). Ping Lumphapleng. Thailandia.
- Rabid (2019). Jen Soska, Sylvia Soska. Kanada.
- The Room (2019). Christian Volckman. Frantzia-Belgika-Luxenburgo.
- Sadako (2019). Hideo Nakata. Japonia.
- Vivarium (2019). Lorcan Finnegan. Belgika-Irlanda-Danimarka.