Mugikortasun Asterako jarduera ugari antolatu ditu udalak
Hilaren 17tik 22ra izango da Europako Mugikortasunaren Astea, Ibili gurekin lelopean. Irailaren 22aren inguruan antolatzen da, data horretan ospatzen dela autorik gabeko eguna. Donostiako Udalak askotariko egitaraua antolatu du aipaturiko asterako. Hala nola, adin guztientzako ibilaldiak, erakusketak eta hitzaldiak.
Aurten ere helburua leku batetik bestera joateko moduak osasunean, ingurumenean eta ekonomian dituzten onurak nabarmentzea da. Udalak antolatu dituen jarduerak elkarlanean egin ditu Kalapie, Dbus, Cristina Enea Fundazioa, Bizikletaren Behatokia, Lagunkoia eta Donosti Roller elkarteekin.
Hona hemen astearen egitaraua:
- Irailak 16, astelehena. Ibilgailu elektrikoak sustatzeko kanpaina aurkeztuko dute Alderdi Ederren. Bestalde, Dbus, 133 urtez Donostian erakusketa inauguratuko dute Aieteko Kultur Etxean. 1886an sortu zenetik Dbusek izan duen historia eta bilakaera jasotzen du.
- Irailak 17 eta 18, asteartea eta asteazkena. Jar zaitez nire lekuan jarduera egingo dute Alderdi Ederren, 10:00etatik 13:00etara. Dbusek eta Aniztasun Funtzionala dutenen hainbat elkartek antolatu dute. Pertsona horiek garraio publikoan nahiz desplazamenduetan izaten dituzten zailtasunak gertutik ezagutzeko eta probatzeko aukera egongo da. Bestalde, urtero egiten den Donostia Ttipi-ttapa jarduera antolatu dute, ikasleei erakusteko hirian nola mugitu eta orientatu.
- Irailak 18, asteazkena. Bizikleta ibilaldiak, mekanika ikastaroak eta Roller ibilaldia bidegorrietatik egingo dute.
- Irailak 19, osteguna. QR kodeen erakustaldia egingo dute Egiako autobus geltokian. Aplikazio berri baten bidez hiriko informazioa eskuragarri egongo da kode horiei esker.
- Irailak 20, ostirala. Bizikletada edo gazteentzako bizikleta ibilaldia egingo dute, Alderdi Ederretik abiatuta (11:30). Hiriko ikastetxe eta institutuetako 1000 ikasle aterako dira aurten, inoizko kopuru handiena. Klima aldaketaren kontrako bizikleta martxak hamar kilometroko ibilbidea du. Gazteei zuzendurikoa izanik ere, adin guztietako pertsonek parte hartu dezakete. Gauean, berriz, Friday Night Skate festa egingo dute Alderdi Ederren 23:00etatik aurrera.
- Irailak 21, larunbata. Bizikletan ibiltzeko ikastaroak egingo dituzte Teresa de Calcuta plazan (10:00-14:00), Kalapieren eskutik. Hilaren 22, 28 eta 29an ere egingo dituzte. Aldiz, Alderdi Ederren bizikleta erakustaldia egingo dute (11:00-14:00).
- Irailak 22, igandea. Autorik gabeko egunean, txikientzako puzgarriak eta pedalkada pistak jarriko dituzte Alderdi Ederren, goiz eta atsaldez. Bestalde, Ruta 25 bizikleta martxa egingo dute 10:00etan Bulebarretik aterata. 25 kilometroko ibilbidea izango du eta bidegorrietan barrena ibiliko dira.
Udalak aurten ere Erronkleta Donostian kanpaina egingo du, bizikleta bidezko mugikortasuna sustatzen jarraitzeko. Erronka hilaren 16an hasiko da, eta izena 15era bitarte eman daiteke izena Mugikortasun sailaren webgunean.