‘Todo sobre Pedro… Almodovar cumple 70 años’ erakusketa ekarri du Gehituk Kubatik
XX. Sebastiane saria lortzeko hamabi film hautatu ditu Gehituk aurten. “LGTBI kolektiboaren errealitateak, askatasunak eta aurrerabide sozialak hobekien islatzen dituen” Zinemaldiko ekoizpenak jasoko du 2019ko Sebastiane saria, eta irabazlea 67. Zinemaldiko Sail Ofizialeko eta New Directors, Horizontes Latinos, Perlak, Zinemira eta Made in Spain sailetako hamabi filmen artetik aukeratuko dute. Irailaren 27an banatuko dute saria.
Era berean, irailaren 20an Horizontes Latinos sailean proiektatuko dute Jayro Bustamanteren Temblores filma, 2019an LGTBI gaiak jorratzen dituen film latinoamerikar onenaren Sebastiane Latino saria irabazi duen film luzea. Guatemala, Frantzia eta Luxenburgo arteko koprodukzio horren lantaldeak emanaldiaren aurretik jasoko du saria.
Bestalde, Sebastiane sariek Pedro Almodovarren urtebetetzearekin lotu nahi izan dute sarien 20. urteurrena. Zinemagileak irailaren 25ean 70 urte beteko ditu. Hori horrela, Gehitu elkarteak Kubatik ekarriko du Todo sobre Pedro… Almodovar cumple 70 años erakusketa, eta ikusgai egongo da irailaren 21etik 29ra San Jeronimo kaleko Udal Liburutegiaren aretoan. Erakusketak, Almodovarren filmografiako jatorrizko hogei kartelek osatzen dute, eta hona etorriko da erakusketa aurkeztera jatorrizko ideiaren sortzailea, Yumey Beso Payo.
Bi alderdi azpimarratu nahi izan dituzte Sebastiane sarien arduradunek: batetik, LGTBI gaieko ekoizpen kopuru “nabarmena” aurkeztu dela 67. Donostia Zinemaldian, eta, bestetik, lehiaketak babes handia ematen diola urtero antolatzen duten LGTBI zinema-jaialdien topaketari. “Donostiako lehiaketaren eta Sebastiane sarien arteko elkarlanak beste ekarpen bat egiten du, kulturgintzaren alorretik, gure gizarteak berdinzaleagoak eta askeagoak bihurtzen dituen horretan atzera ez egiteko” adierazi du Gehituk.