"Behetik gora egiten denean, umorea iraultzarako tresna indartsu bat bilakatzen da"
Umorerako talentua dauka, baina aktore onen modura, ederki moldatzen da edozein paperetan. Zurriola Ikastolako oholtzan hasi zuen Nerea Arriolak bere aktore ibilbidea, eta ETBko platora egin du salto irailean.
Kiskurra taberna aukeratu duzu elkarrizketarako. Zergatik?
Esan behar dut atal honetan jada hiriko taberna on gehienak atera dituzuela, eta aukera ez dela oso zabala!
Ez, broma da. Kiskurra aukeratu dut oraindik Grosen izaera mantentzen duelako. Betiko taberna, jaietan laguntzen duena, auzoan inplikatzen dena… Hirian galtzen ari den esentzia hori dauka.
ETB1eko Egunak egin du saioan estreinatu zara. Zer moduz joan da?
Entretenimendurako saioa da, eta gauero gaurkotasun-albisteak umorearen perspektibatik komentatzen ditugu, etxeko sofan egongo bagina bezala. Gustura nabil horretan.
Nolako esperientzia izaten ari da?
Orain arte egin dudanarekiko desberdina. Horra sartzen zara eta makillatu egiten zaituzte, ilea prestatu, arropa… Eta gero kamera mordoa duzu inguruan. Ni beste gauza batzuetara ohituta nago, eta hau kaos bat iruditu zait. Kaos kontrolatu bat.
Oholtza gainean, Conchita Tou modura ezagutu zaitugu aurten.
Une hauetan eskuen artean daukadan proiekturik handiena da. Antzerkia apirilean estreinatu genuen Tabakaleran, oso harrera onarekin, eta urriaren 6an Aretxabaletan antzeztuko dugu.
Obran, nire errealitatetik guztiz aldenduta dagoen pertsonaia bat naiz, eta oso ongi pasatzen dut horrekin.
Pitonisarena egiten duzu, ezta?
Medium bat da, ez pitonisa bat.
Zein da ba bien arteko diferentzia?
Conchita mediuma da eta kito. Berarentzat hori oso garrantzitsua da.
Ados. Edonola ere, ez dugu zertan mediumak izan behar zu bezalakoekin euskal umoregintzak luzerako etorkizuna duela ikusteko.
Bai, eta gehiagora doan gauza bat da. Emakumezkoena bereziki. Euskal umoreak erreferente onak izan ditu: Pagadi, Alkain, Wazemank… Baina nik uste dut eboluzionatu egin behar dugula, eta euskal klixeetatik harago, gaur egungo euskaldunon arazoei buruzko umorea egin dezakegula.
Barrexerkako kideak ere horretan dabiltza. Ezagutzen dituzu?
Bai. Oso onak dira, eta Donostiako errealitate asko islatzen dituzte euren esketxetan. Kañen prezioaren igoerarekin egin zuten abestia bikaina izan zen.
Saturday Night Live moduko bat egin dute, antzerkia eta ikus-entzunezkoak nahasiz, baina Euskal Herrira ekarrita. Kopiatzea ongi dago, beti ere zuk zurea den zerbait gehitzen baduzu. Formatuarekin bete-betean asmatu dutela iruditzen zait.
Gustuko dituen aktoreengatik galdetuta, Aitziber Garmendiak zure izena nabarmendu zuen atal honetan. Jarraituko dugu kate hori?
Ni Bea Egizabalen oso fana naiz. Besteak beste, Erradikalak gara emanaldia sortu zuen Ane Labaka bertsolariarekin batera. Emakume abertzale feministen topaketa batean ezagutu nuen, Ondarroan, eta geroztik bere jarraitzaile absolutua naiz. Egiten duen guztia zoragarria dela iruditzen zait.
Aktore izateaz gain, erizaina ere bazara. Umoreak balio handia izan dezake ospitalean ere, ezta?
Erizain batek enpatia izan behar du. Hori landu egiten den zerbait da, eta jakin behar duzu umorea noiz erabili dezakezun, eta noiz komeni den isilik egotea. Baina bai; umoreak, neurri handi batean, tentsioak arintzeko balio du. Irribarre batek asko lagundu dezake.
Gainera, pazienteak oso graziosoak dira. Badaude batzuk, helduak batez ere, lotsarik ez daukatenak, eta oso erraza izaten da beraiekin jolastea. Ospitalean egun batzuk igarotzen dituztenekin txantxak egin ohi ditugu, eta beraiek asko eskertzen dute hori.
Hor bizitakoek bakarrizketa bat edo beste egiteko emango dizute.
Egin izan ditut, baina erizainon artean soilik, umore beltza oso presente dagoelako. Guk ere barre egin behar dugu, baita politikoki zuzenak ez diren gauzez ere, batzuetan egoera oso gogorrak bizitzea tokatzen zaigulako. Tarteka lankideekin elkartu eta barre egiteak ohera lasaiago joaten laguntzen dizu.
Eta bueno, geure buruaz ere barre egin dezakegu, noski. Nork bere buruaz barre egitea ariketa polita eta oso baliotsua izan daitekeela iruditzen zait, baina nik arazo bat daukat beti gure buruaz barre egite horrekin.
Zein?
Uste dut gutaz barre egitea baino are beharrezkoagoa dela besteez barre egitea, behetik gorako norabide batean. Goitik behera ematen denean, umore hori irain eta umiliazio bilakatu daiteke, baina behetik gora denean, iraultzarako tresna indartsu bat bilakatzen da.
Aktorea izanik, drama ere egitea tokatuko zitzaizun.
Eta asko atsegin dut. Ez dut esango errazagoa denik, baina tristuraren moduko sentimenduak unibertsalagoak dira, eta horrek publikoarekin konektatzen laguntzen dizu. Umorea, berriz, oso pertsonala da, eta bati grazia egiten dionak besteari ez dio txintik eragiten.
Barre egitea bezain beharrezkoa da negar egitea?
Emozioen bidez, bestelako egoerak bizi dituzten pertsonekiko enpatia sentitu dezakegu. Arteak hori bilatzen du, eta antzerkiak eragin hori izan du nigan.
Beste arte batzuk ere lantzen dituzu.
Noiztik jotzen duzu bateria?
Duela zenbait urte, lagun batzuok Kaxianoren alabak izeneko talde bat sortu genuen Amara Berrin. Lagunek eskusoinua eta panderoa jotzen zuten, eta niri perkusioaz arduratzea proposatu zidaten. Dunbai batekin hasi nintzen, eta gauzak eboluzionatzen joan ziren.
Taldea jada ez da existitzen, baina Groseko jaiez geroztik, beste istorio batean sartuta nago. Gasteizko talde baten ideia plagiatuta, festetan Punk karaokea egin genuen auzoan, eta hor ere bateria-jotzaile izan nintzen. Guk musika jotzen genuen, eta jendea libre zen abestera igotzeko.
Kontua da horrek arrakasta izan zuela, eta urrian berriro joko dugu, Amara Berriko jaietan.
Jaiak aipatu dituzunez, nola ikusten dituzu Porrontxoak?
Arriskutsu. Udarako azken txanpan heltzen dira, eta horregatik batzuek diote ‘beherapenak’ direla. Nik, berriz, gaupasa egiteko aukera on baten modura ikusten ditut, parranda beti txarangarekin amaitzen baitut, nahigabe. Ez dakit aurten ere horrela amaituko dudan, baina arrisku hori badago.
Kiskurraren modura, Porrontxoek ere atsegin dudan Donostia horren kutsua mantentzen dute. Jai oso handiak dira, eta neurri batean nahiko masifikatuta daude, baina ukaezina da oraindik betiko auzo izaera hori badaukatela.
Ziurrenik horregatik dira nire jairik gustukoenak. Egia da orduak pasatzen dituzula aldapan gora eta behera, baina bueno, dena ezin da eduki.
HAMABIETAN BERMUTA. Patata tortilla pintxoa eta muztioa.
Non. Kiskurra taberna (Gros).
Prezioa: 3,50 euro.