Izena hartu zuen, baina izana galdu
Bretxako merkatua 1870an ireki zen, eta ordutik maiz berritu eta berregituratu dute. Gaur egun, berritzen ari dira Parte Zaharreko eremu garrantzitsua dena.
XVIII. mende hasierako gertaera garrantzitsu batengatik hartu zuen Bretxa izena Parte Zaharreko merkatuak. 1719. urtean Berwick Dukearen tropek hiria setiatu zuten, eta inbasiorako Frantziako armadak bi arrakala handi egin zituen Donostiako harresian. Urte batzuk beranduago, 1813ko abuztuaren 31n, tropa anglo-portugaldarrek hiria eurenganatu zuten. Arrakalak zeuden tokian kokatu zuten Bretxako merkatua 1860ko hamarkadan. 1864an harresia bota, eta 1870ean hasi ziren azoka eraikitzen.
Antonio Kortazar arkitektoak diseinatu zuen merkatua. U formakoa zen eta Bulebarrera irekia. 1898an lehen erreforma egin zuen Jose Goikoa arkitektoak. Patioa estali eta Bulebarrera ematen zuen fatxada irekia itxi zuten. Eraikinean ere beste aldaketa batzuk egin zituzten; ate berriak ireki eta horma-atalak estaltzeko itxiturak jarri. Egitura hainbat ere gehitu zizkioten eraikinari, behin behinekoak zein finkoak ziren postuak jartzeko plazaren aldean. Hasiera batean egurrezkoak ziren, eta gero hormigoizkoak.
Gaur egungo Arrandegi eraikina, berriz, 1928an eraiki zuten. Juan Rafael Aldai arkitektoak idatzi zuen. Dena dela, aurretik beste bi eraikin egon ziren leku berean, eta izen berarekin; bata, 1842 eta 1899 artean, eta, bestea, 1901etik aurrera. Bretxako eremuan gune zabalagoa lortzeko, 1950ean Alondegia izenez ezaguna zen eraikina eraitsi zuten. Horrela, Sarriegi plaza eta Bretxa batzea lortu zuten.
Eredu aldaketa
Bretxako eraldaketa esanguratsuena 1999an gertatu zen. Berritu zenetik 100 urtera Bretxako Merkatuaren eta Arrandegiren eredua aldatu zuten. Bi eraikinak hustu egin ziren merkataritza gunea eta parkina eraikitzeko. Lan horiek egiten ari zirela antzinako harresiaren aztarnak agertu ziren, eta egun Bulebarreko parkinean ikus daitezke.
Erabateko berrantolaketa egin zuen Odon Elorzaren udal gobernuak. Garai bateko merkatari eta dendarien postuak Arkoak eraikinetik plaza azpira mugitu zituzten. Aldiz, eraikina hirugarren sektoreko eta zerbitzuetako markei zuzenduriko merkataritza zentro bihurtu zuten. Gauza bera egin zuten Arrandegirekin, baina aisialdiarekin loturiko enpresek hartu zuten.
Bretxa berrituaren inaugurazioak atzerapena izan zuen, eta gainera lanak bukatu gabe ireki zuten. 2000. urteko irailean Odon Elorza alkateak lizentzia kendu zion Bretxa 2000 promotoreari lanak garaiz ez bukatzeagatik. Ordea, bi egunetara akordioa lortu eta promotoreak baimena jaso zuen Bretxako merkatu berritua zabaltzeko.
Osagarri gisara egitura metaliko bat jarri zuten plazaren erdian, eta Canovas izena jarri zioten. Bretxako merkatuarekin eta Arrandegi eraikinarekin lotu zuten. Baita beheko merkatarien postuekin ere. 2009an, ordea, Canovas eraikina kendu eta tupperware izenez ezaguna den egitura jarri zuten. Soilik beheko merkaturako lotura mantendu zuten. Era berean, baserritarrentzako gune bat sortu zuten Arkoak eraikinaren Sarriegi plazako aldean. 2011n promotoreak ez zuen Bretxako merkatuaren kanona ordaindu bideragarritasun faltagatik. Azkenik, udalak zorra barkatu zion promotoreari.
Udalak eta Abastos promotoreak 2018ko ekainean adostu zuten gaur egun abian den Bretxa Merkatuaren eraldaketa berria. Bi eraikin nagusiak eta plazak zeharo egokituko dituzte, baserritarrak Arkoak atzean kokatu, eta plazak espazio zabala izango du.