Jai giroa izango da nagusi asteburuan hiriko lau auzotan
Aieteko bizilagunak jaietako bigarren asteburuan murgilduta daude jada. Egian eta Jolastokietan, aldiz, astelehenean piztu zituzten jaiak, eta Loiolako Erriberan gaur hasiko dira jaietako jarduerak.
Egiako Porrontxo jaietako jarduerak asteleheneko apar festarekin hasi baziren ere, atzoko kuadrillen igoerarekin hasi ziren ofizialki jaiak, Gladys del Estalen omenezko pregoiaren eta txupinaren ondoren.
“Azken urteetako aldaketak finkatu ditugu aurten”, azaldu du Txomin Campo jai batzordeko kideak. Izan ere, lehen egiten zituzten jarduera batzuk, krosa, esaterako, egitarautik guztiz baztertu dituztela aipatu du, eta beste batzuek egitarauan euren lekua egin dutela. Hori da gaurko 21:30ean egingo duten mendi bizikleta lasterketa urbanoaren kasua, “indarra hartu” eta “klasiko bat” bihurtu baita Camporen ustez. Gainera, «mantentzen bada, jaietako ikono bat» izan daitekeela deritzo jai batzordeko kideak.
Lasterketaz gain, 22:00etan Niña Coyote eta Chico Tornado taldeak Plaza Haundin emango duen kontzertua, gauerdiko Iratzar taldearen erromeria eta Krii Kolektiboa DJ taldearen emanaldia nabarmendu ditu Campok.
Biharkoa egun osoko egitaraua izango dela azaldu du jai batzordeko kideak. Goizean, esaterako, jotak egongo dira, “auzoan nafar asko dagoelako”. Bestalde, eguerdian Plaza Haunditik abiatuko den haur, gazte eta helduen danborrada da aurtengo berritasun nagusia. Horretaz gain, Denak etxera bazkari herrikoia, arratsaldeko Rukula taldearen kontzertua eta gaueko Laiotzen erromeria eta Nizuri Ta Zuneri eta Telmor Trenor DJ-aren emanaldia dira jarduera nabarmenenak. Aipatu beharra dago 17:00etan Kilimak taldeak jo behar zuela, baina La Jodedera taldea izango dela azkenean Plaza Haundi girotuko duena.
Igandea familientzako eguna dela azaldu du Campok, eta eguerdiko sagardo dastaketa eta haurrentzako jolasak dira jarduera azpimarragarrienak. Gau aldera, kalejira egingo dute auzotik Porrontxo eta Porrontxa erraldoiekin eta Kirker Band txarangarekin, eta azken trakarekin agurtuko dituzte aurtengo porrontxoak.
Jolastokietan ere astelehenetik
Egian bezala, Jolastokietan ere astelehenean hasi ziren jaietako jarduerak, eta jai giroan murgilduta hasi dute asteburua.
Suziriak botako dituzte 17:45ean, jaiei hasiera ofiziala emateko, eta 19:15ean aterako dira kalera erraldoi eta buruhandiak. Gaurko jardueren artean, Dinbi-Danba eta Old Charm Blues taldeek gauean emango dituzten kontzertuak dira Miguel Angel Diez jai batzordeko kideak nabarmendu dituenak.
Bestalde, Ttirriki Ttarraka Musika Eskolako trikitilarien dianarekin hasiko dute eguna Jolastokietan bihar eta etzi, eta egun osoko egitaraua prestatu dute bi egunetarako. Diezen arabera, haurrentzat jarriko dituzten gaztelu puzgarriak eta Battlefield live (zikintzen eta mina ematen ez duen paintball-a) dira biharko berritasun nagusiak.
Igandean, ordea, dianaren ondoren auzoko saltokiek kalean egingo duten azoka eta 20:00etan Groseko erraldoiek egingo duten kalejira dira berritasun nagusiak. Bestalde, Granujas a todo ritmo taldearen emanaldia azpimarratu du Diezek, auzoko kaleetatik ibiliko baita 17:00etatik aurrera The Blues Brothers filmeko musika jotzen duen taldea, Jake eta Elwood filmeko protagonisten bi erraldoiez lagunduta.
Aieteko bigarren jai asteburua
Joan den asteburua izan zen Aieteko jaietako lehena, eta “haurrentzako giro paregabea” egon zela azaldu du Olaia Murgiondo auzoko euskara batzordeko kideak, saltokien eta bizilagunen parte-hartzea igo zela aipatuz. Gainera, nabarmendu du estreinakoz futbito txapelketa antolatu zutela, eta auzoko Buruarin konpartsak parte hartu zuela.
Asteburu honetan jarduera gutxiago egongo dira, baina ez garrantzia gutxiagokoak. Alde batetik, bihar goizeko (11:00) Manuel Matxainen omenezko bolo txapelketa azpimarratu du Felix Perez Lantxabe Aieteko Bizilagun Elkarteko kideak. Bestetik, aurtengo berritasun nagusia bihar arratsaldeko (17:00) pilota txapelketa izango dela azaldu du Perezek, Miguel Gallastegiren omenez egingo dutena.
Loiolako Erriberako jaiak
Gaurko 19:00etan botako dute jaien hasierako pregoia Loiolako Erriberan, eta jai giroak ez du etenik izango asteburu guztian. 21:00ak aldera egingo dute mozorrotutako piknik arrakastatsua, eta aurtengo gaia ‘Pijama festa’ izango da.
Jai batzordeko Unai Urkiolak azaldu duenez, auzo gaztea denez, jaiak antolatzen hasi zirenean haur asko zeuden Loiolako Erriberan, eta beraiei zuzendutako jarduerak ziren nagusi. Haur horiek, ordea, hazi egin dira, eta jaiak adin guztietako jendeari irekitzen hasi dira azken urteetan.
Horregatik, aipatu piknika, biharko saiheski jana eta etziko paella jana “auzoa egiten dutelako” mantendu dituzte Urkiolaren arabera, baina beste motatako jarduerak ere antolatu dituzte. Horren adibide dira bihar 16:30ean egingo duten 12 eta 16 urte azpiko kategorietako IV. Xake Txapelketa eta 17:00etan egingo dituzten jolasak, 12 urtetik gorakoentzat.
Haurrentzako eta helduentzako jarduerak ere egongo dira, hala nola, bihar arratsaldeko (18:00) Tururututu Pailazo Bihurtu haur antzerkia eta bihar jaiei amaiera emango dien helduentzako Mariachi Mexico Lindo ¡Si Señor! taldea.