Piezak mugitu ditu Gotzaindegiak
Amarako Familia Santua elizako parrokoa lekualdatu du Jose Ignacio Munilla gotzainak. Parrokiako kontseiluak salatu du Munillak iragarritako «mehatxua» bete duela.
Triste daude Amarako Familia Santua parrokiara joaten diren auzotarrak. Jose Ignacio Munilla gotzainak Juan Martin Artola parrokoa lekualdatu du, eta erabakiarekin ez daude konforme. Parrokiako kontseiluak ere gertaturikoa salatu du, eta kezka agertu dute Familia Santuaren etorkizuna kolokan egon daitekeelako. Izan ere, Munillaren aspaldiko asmoa da parrokiaren lursailean etxebizitzak egitea.
Duela bi urte inguru hasi zen Familia Santuaren afera. «Munilla Artola parrokoarekin jarri zen harremanetan, eta lekuz aldatuko zuela esan zion, parrokian obra batzuk egiteko asmoa zuelako», adierazi du parrokiako kontseiluak. Une horretan erabaki zuten zerbait egitea, parrokiako kideek gotzaindaren asmoen berri izan behar zutelako. Mugitzen hasi zirenean Munillak atzera egitea erabaki zuen.
Urte eta erdi beranduago, gotzainak parrokian piezak mugitzeko asmoa berreskuratu zuen. «Egun batean arkitekto talde bat joan zen parrokia zein egoeratan zegoen ikustera. Udalak eskatuta joan zirela esan ziguten». Gotzaindegia udalarekin jarri zen harremanetan Amarako elizaren lursailaren inguruko proposamen bat egiteko. Ordea, bi aldeen arteko elkarrizketak eten zituzten udal hauteskundeengatik.
Ernesto Gascok, orduko alkategaiak, hauteskunde kanpainan Familia Santua aipatu zuela dio parrokiako kontseiluak. «Musika kontserbatorioa elizaren eraikinean jartzeko aukera aipatu zuen». Gainera, maiatzean, Diario Vasco egunkariak argitaratu zuen Gotzaindegiak Familia Santuaren lursaila saltzeko asmoa zuela etxebizitzak egiteko. «Horren aurrean, Munillarekin biltzeko saiakera egin genuen, azalpenak eskatzeko, baina ez zuen nahi izan. Arazoa etxe barruan konpontzeko asmoa genuen, baina gotzainaren jarrera ikusita hedabideengana jotzea erabaki genuen», dio kontseiluak.
Gezurrak
Familia Santua parrokiaren inguruan gezur asko esan ditu Gotzaindegiak, kontseiluak salatu duenez: «Lehenik, parrokia egoera txarrean zegoela adierazi zuen, baina elizara etorri ziren arkitektoek esan ziguten egitura ondo duela beste 50 urterako. Bigarrenik, esan zuen udala eurengana joan zela proposamen batekin, baina oinarrian gotzaina da udalarekin harremanetan jarri zena. Eta hirugarrenik, azaldu zuen parrokoak sei urtera lekualdatzen direla, eta gainera, Artola parrokoak lekuz aldatzeko eskaera egin zuela. Hori dena, ordea, gezurra da. Sei urte beteta parroko askok luzatzen dute euren egonaldia, eta Artolak ez zuen aldaketarik eskatu».
Munillak ere gezurretan aritzea egotzi zion kontseiluari. Aterpeak sortzen dituen kexen harira, Eneko Goia alkatea berarekin harremanetan jarri zela adierazi zuen. Ordea, gotzainak aterpea aitzakia gisara erabili duela dio kontseiluak, eta benetako asmoari eusten diola. «Aterpearen gaia eta parrokoa lekuz aldatzeko arrazoi nagusia lursailaren ustiapen urbanistikoa da».
Bestalde, parrokiako kontseilua haserre dago Diario Vasco egunkariarekin. «Euren estrategia da gure iritzia zentsuratzea, eta soilik Gotzaindegiari ematea ahotsa. Ez dute gure ohar bakar bat argitaratu, eta jendeak bidalitako gutunak ere baztertu dituzte. Pentsa, parrokoaren agurrari buruzko informazioa ere ez dute eman».
Igandetik aurrera Unai Manterola izango da parroko berria. «Orio eta Aiako parrokien arduraduna da, eta hirugarren bat ere kudeatuko du. Manterola Munillaren bikarioetako bat da eta Elizbarrutiaren obren arduraduna. Ikusiko dugu hemendik aurrera zer gertatzen den», azaldu du kontseiluak.