Familia Santua parrokiaren aurrean protesta egin dute hainbat auzotarrek
Gotzaindegiak Amarako Familia Santua parrokiako parrokoa lekualdatu du, eta protesta gisara hainbat elizkoiek giltzarrapoarekin itxi zuten atea larunbat iluntzean.
Ohar bat irakurri eta parrokoaren lekualdaketa salatzeko protesta egin dute Amarako Familia Santua parrokiaren aurrean. Gotzaindegiak Juan Martin Artola kargutik kentzeaz gain, parrokiako zerrailak aldatu ditu.
IRUTXULOKO HITZAk jakin ahal izan duenez, Artola lekuz aldatzeko arrazoien artean beste gezur bat egon da. Irunen parroko aldaketa behar zela eta esan zioten Artolari hara bidaliko zutela. Ordea, larunbat gauean jakin ahal izan zuen beste parroko bat jarriko dutela, eta Artola laguntzaile gisara. Orain gutxi arte Familia Santuko parrokoa izan dena “zigortu” nahi izan dutela diote hainbat elizkoiek.
Unai Manterola da Familia Santuaren parroko berria. Gidatuko duen hirugarren parrokia da –Aia eta Oriokoekin batera–, Jose Ignacio Munilla gotzainaren bikarioa da eta Elizbarrutiko obren arduraduna.