Ikasturte berriko Tabakalerako zinema programazioa aurkeztu dute
Datorren urriaren 2an abiatuko da ikasturteko Tabakalerako zinemaren programazioa. Gaur aurkeztu dituzte nondik norakoak, Euskadiko Filmategiak, Donostia Kulturak, Elias Kerejeta Zine Eskolak, Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerako zinema taldeak. Ikasturte berrian zinemaren iragana, oraina eta etorkizuna ikusgai izango dira Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko zinema aretoan, eta proiekzioak asteazkenetik igandera izango dira. Yannick Bellon, Angela Schanelec eta Rainer Werner Fassbinder izango dira programazioaren protagonistak.
Edurne Ormazabalek, Tabakalerako zuzendari nagusiak, zinema taldea osatzen duten erakundeen arteko lankidetza nabarmendu du, baita proiektuaren sendotasuna ere: “Erakunde ezberdinek elkarrekin landuriko zinema programa aurkeztera gatozen bigarren urtea da. Tabakalerak daukan indarraren eta ahalmenaren adibide garbia da programa hau, zinemaren iragana, oraina eta etorkizuna bateratzen dituen programa bat, eta ikusleari harridura sortaraziko diona”.
Era berean, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak Bellon-i, Schanelec-i eta Fassbinder-i eskainitako “atzerabegirakoak” azpimarratu ditu. “Zinemagintza zuzena eta ez ohikoaren hiru adibide dira. Bellon Schanelec eta Fassbinder zinegile ezagunak eta sarituak dira, eta ikuslea harrituko dutela uste dugu”, baieztatu du Fernandezek. Urritik abendura arte, lehen biek hartuko dute Tabakalerako pantaila. Fassbiderren lanek, aldiz, urritik ekainera arte izango dute presentzia Tabakaleran.
Programazio osoa ikusteko bonu bat
Antolatzaileek jakinarazi dute aurten, lehen aldiz, ikasturteko programazio osoa ikusteko aukera emango duen bonu berri bat eskainiko dutela ikusleentzat. Bonuak 70 euroko prezioa izango du, eta 30 film ikusteko aukera emango du. Guztira, 100 bonu jarriko dituzte salgai, eta irailaren 30etik aurrera egongo da salgai, Tabakalerako Inforpuntuan eta zinemako leihatilan.