Mugikortasunaren mugak esperimentatzeko gune bat jarri dute Alderdi Ederren
Europako Mugikortasun Astearen baitan antolatu dute jarduera, erabiltzaileen arteko elkar ulertzea sustatzeko helburuarekin.
Jar zaitez nire lekuan egitasmoak zailtasun sentsorialak edo mugikortasun arazoak dituzten erabiltzaileen egoera gainerako herritarrei helaraztea du helburu. Horretarako, hainbat jarduera egingo dituzte gaur eta bihar artean, 10:00etatik 13:00etara, Dbusek Alderdi Ederren jarritako autobus batean.
Gunean, ikusmenaren mugak simulatzen dituzten betaurrekoak probatu edo mugikortasunerako laguntza teknikoak esperimentatu ahal izango dituzte herritarrek. Gainera, itsu-zakurren erakustaldi bat antolatu dute, eta mugikortasun zailtasunak dituzten pertsonekin lan egiten duten elkarteekin batera (Zenta, Begisare, ONCE eta Elkartu), saio informatibo bat ere egingo dute.
Dbusek eta Donostiako Udaleko Mugikortasun Departamentuak sorturiko ekimenak erabiltzaileen arteko enpatia eta elkar ulertzea sustatzea bilatzen du, eta udalak irailaren 17tik 22ra bitarte osatutako egitarau zabalaren barruan kokatzen da.