Bertan behera gelditu da hirugarrenez eraikin publiko bat okupatzea egotzita egiten ari diren epaiketa
Joan den 2018ko maiatzaren 19an, Bizitza Da Handiena (BDH) mugimenduak 16 urtez hutsik egon zen Idiakez kaleko zortzi solairuko eraikin publiko bat okupatu zuen. Gaur, eraikinaren okupazioa egotzita, gazte donostiar batek hirugarren aldiz pasa behar zuen epailearen aurretik, baina saioa bertan behera gelditu da berriro ere, atestatua idatzi zuten bi ertzainei jakinarazpena bidali gabe zegoelako. Auzipetuaren abokatuak Irutxuloko Hitzari jakinarazitakoaren arabera, fiskaltzak bi ertzainen deklarazioa eskatu zuen, baina epaitegiak ez die jakinarazpena igorri poliziei. Hortaz, gaurko saioa bertan behera gelditu da, eta urtarrilean errepikatu beharko dute.
12:00etarako zegoen programatuta gaurko saioa, eta aurretik, hainbat herritarrek agerraldia egin dute Donostiako epaitegiaren aurrean, “protesta sozialaren kriminalizazioa” salatzeko.
Nazioarteko Turismo Erakundea Donostian zela, Borroka Sozialen Astea antolatu zuen BDH mugimenduak, 63 eragile eta sindikaturen babesarekin. Egitasmoaren lehen ekintza izan zen Gizarte Segurantzako Diru Zaintzaren eraikinaren okupazioa. BDH mugimenduko kideek hasieratik iragarri zuten ekintza, eta zazpi egunen buruan eraikina berriro ere hutsik utzi zuten.
2018ko irailerako, gazte donostiar batek epailearen aurretik pasatzeko agindua jaso zuen, usurpazio delitu bat egotzita, Ertzaintzaren salaketa zela medio. Era berean, haren abokatua ere inputatu zuten kasu berean, baina horren aurka errekurtsoa jarri ostean, epaileak letraduaren inputazioa bertan behera utzi zuen. Horren ondorioz, ia urtebete beranduagorako deitu zuten epaiketa, eta epaileak gaztea bakarrik deitu zuen inputatu gisa. Epaiketa 2019ko maiatzaren 14an egitekoak baziren ere, atestatua idatzi zuten bi ertzainei jakinarazpena bidali gabe zegoenez, atzeratu egin zuten maiatzaren 21era. Bigarren aldi horretan berriro atzeratu behar izan zuten saioa, bi ertzainetako bat, osasun arazoak argudiatuz, ez zelako epaiketara aurkeztu.
Gaur, hirugarrenez aurkeztu behar izan du gazte donostiarrak epailearen aurrean, eta epaitegira babesa agertzera joan direnek okupazioa delitua ez dela aldarrikatu, eta epaituaren absoluzioa exijitu dute.”Guk, Bizitza da Handiena osatu genuen 63 kolektiboek, okupatu genuen eraikin hori, administrazioak 16 urtez hutsik eduki zuena, argi daukagulako eraikin publikoak herriarenak direla. Ez genuen deliturik egin, okupazioa ez delako delitua”, adierazi dute bozeramaileek.
Borroka Sozialen Asteak iraun zuen egunetan, “pairatzen dugun hiri eta gizarte ereduaren inguruko askotariko kritikak, topaketak eta ekintzak” egin zituztela oroitu dute herritarrek, eta erakundeek egun horietan izandako jarrera kritikatu dute: “Poliziaz inguratuta, egun haietan 16 identifikazio, 2 atxiloketa eta isun ugari pairatu genituen”.
Gertakari haiengatik, bi epaiketa egingo dira irail honetan; bata, gaur hirugarrenez deiturikoa, eta bestea, irailaren 26an. Bigarrena maiatzaren 23ko gertakari batean dago oinarrituta. Hain zuzen, egun haietan Turismoaren Mundu Erakundearen aurka Tabakaleran eginiko kontzentrazio batean poliziak herritarren aurka jo eta bi lagun atxilotu zituen. Bietako bati autoritatearen aurkako atentatua leporatzen diote orain, eta hilaren 26an agertu beharko da epailearen aurrean. Honela azaldu dute gaur agerraldian: “Bultzakada batean, kide bat lurrera bota zuten, eta beste bat gainera bota zitzaion, elkartasunez babesa emateko. Bada, erasotako bi kide horiek atxilotuak izan ziren, eta haietako lehena epatu nahi dute 26an, zer eta poliziari eraso egin ziola esaten. Akusazio gezurti horiek ez ditugu onartzen, eta epaiketa hau salatzen dugu, protesta soziala ez delako delitua”.
BDHk elkarretaratzera deitu du datorren ostegunerako, hilaren 26rako, protesta sozialaren kriminalizazioa salatu eta auzipetutako gazteari elkartasuna adierazteko. Donostiako epaitegiaren aurrean bilduko dira, 12:00etan, Protesta sozialari epaiketarik ez lelopean.
Azkenik, Nazioarteko Turismo Erakundeak eta Donostiako Udalak “haiena ez den diruarekin elkarri faboreak egitea” kritikatu dute agerraldian, izan ere, joan den astean, Turismoaren Munduko Erakundearen sari bat eskuratu zuen Donostiak, Errusiako San Petersburgo hirian. Hain zuzen, Politika Publikoetan eta Gobernantzan Berrikuntza eta Iraunkortasunari saria. “Haien luxuzko ekitaldien aurrean, laguna poliziarengandik babesteko gainera botatzen zaion kidearen argazkia aldarrikatzen dugu. Protesta egiteagatik zapalduak diren kideekin elkartasunera deitzen dugu”, aldarrikatu dute.