Zinemaldirako sarrerak banatuko ditu udalak Donostiako langabetuen artean
Donostiako Udalak hilaren 20tik 28ra izango den Zinemaldirako 1.000 sarrera banatuko ditu hiriko langabetuen artean. Hamalau film desberdinetarako sarrerak eskainiko ditu udalak, eta pertsona eskatzaile bakoitzak film horietako bat aukeratu ahal izango du, bi sarrera jasoko dituelarik. Sarrerak eskatzeko bete behar diren baldintzak honakoak dira: Donostian erroldatua egotea, 18 urte baino gehiago edukitzea eta langabezian egotea. Bestalde, eskaera epea gaur goizean hasi da, eta irailaren 20ko 14:00etaraino egongo da zabalik. Donostiako Udalaren webgunearen bitartez, 010 telefono zenbakian eta Easo kaleko Udal!nfo bulegoan eskatu ahal izango dira sarrerak.