"Heroi anonimo bihurtu ziren biktima asko"
Ezagutzen duzu 1936ko gerraren ondorioz ezkutatu behar izan zuten satorren historia?
Bai, oso ezaguna da Manu Leginetxek eta Jesus Torbadok 1977an atera zuten Los topos izeneko liburua. 34 kasu aipatzen dituzte, gaia bor-bor zegoenean. Kazetariok Leginetxeri esker ezagutu dugu pertsona horien historia. Memoria historikoaren inguruko erreferente bat bihurtu da. Gizartean gai honen inguruko interesa duen edonorentzako garrantzitsua da. Liburu mitikoa da.
Zergatik erabaki zuten ezkutatzea?
Zalantzarik gabe, beldurrarengatik. Heriotzari, errepresioari, torturei eta familia ez ikusteari beldurra izateagatik. Ezkutatu ziren asko anarkistak, sozialistak eta politikan kargu publikoren bat izandakoak izan ziren.
Euren erabakia ausarta edo koldarra iruditzen zaizu?
Galdera ona da, baina erantzuteko oso zaila. Alde batetik, ausarta da zure bizitza mantentzen duzulako eta irauten duzulako. Bestetik, koldarra ere bada. Zergatik? Azkenean, ez zarelako ausartu aurre egitera, ihes egitera eta askatasuna lortzera. Batzuek lortu zuten. Denbora bat eman zuten ezkutatuta, eta familia edo bizilagunei esker Frantziara egin zuten ihes.
Heroitzat har daitezke nahiz eta gerra baten biktimak izan?
Nire ustez, bai. Heroiak eta biktimak direla ezin da ukatu. Heroi anonimo bihurtu ziren biktima asko. 1936ko gerran eta beste gerra askotan oso ohikoa da, jende xehea delako azkenean heroi bihurtzen dena. Gure herri, kale zein dendetan egon daitekeen edonor izan daiteke heroi anonimo bat, egiten duelako erresistentziarekin eta duintasunarekin lotura duen zerbait.
Gerra Zibila Gipuzkoan; Erresistentzia eta Duintasuna erakusketa inauguratu zenuen Aitzol Arroyo historialarekin batera, Koldo Mitxelenan. Nondik sortu zitzaizuen ideia?
Gure ideia izan da ekarpen bat egitea. Gipuzkoan ez zegoen zerrendarik hemen borrokatu zuten gizon eta emakumeena. Hori jaso nahi izan dugu eta digitalizatu. 12.000 borrokalari zerrendatu ditugu. Bestetik, nahi genuen familietan gordeta geratu diren testigantzak berreskuratzea. Euren dokumentazioa, objektuak, eta batez ere, historia.
Zein da erakusketaren helburua?
Kontzientziazioa. Gerra batean gertatzen diren giza eskubideen urraketen inguruan kontzientziatzea. Bestetik, ezagutzera ematea gertatu zena adin tarte guztiei. Jende askok ez daki zer gertatu zitzaion bere bizilagunari edo lagun baten aitonari. Oraindik asko dago kontatzeko, ikasteko eta berreskuratzeko. Abenduaren 28ra bitarte horretarako aukera izango dute Koldo Mitxelenara joaten direnek.