Militarrek Miramarren eginiko banderaren zinaren aurkako elkarretaratzea egin dute
Hainbat herritarrek elkarretaratze antimilitarista egin dute Antiguan, Zergatik Ez? plataformak deituta, Loiolako militarrek Miramar Jauregian egin duten banderaren zinaren aurka.
Loiolako militarrek Espainiako banderaren zina kuarteletik kanpo egin duten lehen aldia izan da gaurkoa, eta ekitaldia probokazio gisa hartuta, hamarnaka herritar jauregiaren harresiaren alboan elkarretaratu dira. Hor, “Inposaketa militarraren aurrean Euskal Errepublika” zioen pankarta zabaldu dute, okupazio militarraren aurkako eta independentziaren aldeko oihuen artean.
Ertzaintzak jauregirako sarrerak inguratu ditu, protestan ari ziren herritarrak barrura sar ez zitezen, eta hauek Antiguako elizaren parean geratu dira. Miramarreko lorategian, berriz, Loiolako infanteria-erregimentuko militarrek banderaren zina egin dute, armak eskuetan hartuta. Azaroan, erregimentu bera Irakera joango da misioan.
Espainiako militarren ekitaldia kuarteletik kanpo egiteko erabakia probokazio gisa hartu dute protestan ari diren herritarrek: "Indar okupatzaileak kanpora!" @irutxulo @zergatikezEH pic.twitter.com/ZbaKp6V1S3
— Iñaki Agirre (@ikiagirre) September 22, 2019