Bizitza Da Handienak elkarretaratzera deitu du TMEaren aurkako protestan atxilotutako kidearen epaiketa dela eta
2018ko maiatzean Tabakaleran eginiko protestan, Ertzaintzak Bizitza Da Handienako bi kide atxilotu zituen. Ostegunean gazte horietako bat epaituko dute, poliziaren aurkako erasoa egotzita.
Bizitza Da Handiena (BDH) plataformak elkarretaratzea deitu du ostegunerako, protesta sozialaren kriminalizazioa salatu eta egun horretan epaituko duten bere kide bati elkartasuna adierazteko. Joan den asteazkenean eginiko agerraldian, auziaren atzean protesta soziala zigortzeko asmoa dagoela nabarmendu zuen BDH-k: “Akusazio gezurti horiek ez ditugu onartzen, eta epaiketa hau salatzen dugu, protesta soziala ez delako delitua”.
Iazko maiatzean, plataformak Turismoaren Mundu Erakundearen aurka Tabakaleran eginiko elkarretaratze batean, Ertzaintzak protestan ari zirenen aurka jo eta bi lagun atxilotu zituen. Poliziak bien aurkako salaketa jarri zuen, eta zenbait hilabeteren ostean, berriz, akusazioak haietako baten kontrako karguak erretiratu zituen. Bigarrena, ordea, epailearen aurretik pasa beharko da ostegunean, poliziaren aurkako eraso bat egotzita.
Hurrengo bideoan ikusi daiteke BDH-ko kideak, laranjaz jantzita dagoenak, ustez ertzainetako bati eginiko erasoa:
BDH-k gaztearen aurkako auziak iraun bitartean egingo du elkarretaratzea, 12:00etatik aurrera, Donostiako epaitegiaren aurrean. Joan den astean, plataformak beste hitzordu bat izan zuen leku berean. Izan ere, Borroka Sozialen Astean zehar Idiakez kaleko eraikin bat okupatzeagatik, BDH-ko beste kide bat epailearen aurretik pasa behar izan zen bigarren adiz. Lehenengo aldian bezala, ordea, polizia ez zen epaiketara agertu, eta auzia berriro ere atzeratu da, urtarrilera arte.