Ekialdeko Barrutiko Batzarrerako hauteskunde deialdia egin dute
Altza, Intxaurrondo eta Mirakruz-Bidebieta auzoetako elkarte eta eragileek urriaren 14ra arte ahalko dituzte Ekialdeko Barrutiko Batzarrerako hautagaiak aurkeztu. Legegintzaldi bakoitzean berritzen da Barrutiko Batzarra, Donostiako Udaleko korporazioa osatu ondoren, beraz, datozen hauteskundeetatik aterako da 2019-2023 legegintzaldian jardunean egongo den batzarra.
Barrutiko kudeaketa organo nagusia da batzar hori, eta auzotarren, kolektiboen eta eragileen kontsultan eta partaidetzan jarduten du. Hamabost kidek osatzen dute batzarra: Barrutiko batzarraren zinegotzi buruak, Barrutiko batzarraren zinegotzi buruordeak, udal ordezkaritza duten talde politikoek proposatutako 5 kidek, auzo elkarteetako 4 ordezkarik eta arloko erakundeen 4 ordezkarik. Hautagaiak aurkeztu nahi dituzten auzo horietako elkarte eta eragileek Herri Entitateen Erregistroan gutxienez urtebete eraman behar dute, eta hautagai titularra eta bi ordezko aurkeztu beharko dituzte.
Urriaren 14an hautagaitzak aurkezteko epea itxi ondoren, urriaren 26an izango dira hauteskundeak, eta Ekialdeko Barrutikoak diren eta Herri Entitateen Erregistroan izena emanda duten elkarte eta eragileek izango dute botoa emateko eskubidea. Udaletxeko sarreran izango da bozketa, 10:00etatik 16:00etara.