Kirol ekitaldiak errazteko proposamen bat aurkeztu du EH Bilduk
EH Bildu udal taldeak “Donostiako kirol kluben artean oso zabalduta dagoen” eskaera bat eramango du iraileko udalbatzarrarera. Horren berri eman du Reyes Carrere bozeramaileak, bezperan.
“Gure hiriaren kirol motorra kirol entitateak eta elkarteak dira, dudarik gabe, urtea joan eta urtea etorri kirola sustatzen aritzen dira eta. Urtetik urtera lizentzia gehiago dago, eta kirol jarduera dugu Donostiaren nortasunaren ezaugarrietako bat. Izan ere, badira pertsona batzuk —beren borondatez aritzen direnak, gehien-gehienak—, era askotako ekitaldiak antolatzen dituztenak urte guztian, esparru federatutik kanpo, eta, askotan, ekitaldi horiek izaten dira, hain zuzen ere, erakunde horien ekonomikoari eusten laguntzen diotenak”, azaldu du Carrerek.
Ekitaldi batzuk eragin handikoak dira (Behobia-Donostia, nazioarteko txapelketak, lehen mailako kirol-topaketak…). Beste batzuk txikiagoak dira (herri-lasterketak, zikloturisten martxak, kirol-jokoak…), eta badira jai eta gizarte izaera duten jarduerak ere, hiriko klubak nantzatzeko ezinbestekoak direnak (garagardo azokak, jaietako txosnak, elikagai azokak, merchandising saltokiak, jaialdiak, etab.).
Txikiagoak diren ekitaldiak egin ahal izateko espedienteak eta baimenak bideratzeko diren kasuak konplexuak direla azpimarratu du Carrerek. “Udaleko sail bati baino gehiagori eskatu eta bidali behar zaizkio agiriak. Ekitaldiaren neurriaren edo beharren arabera, sail hauen aldeko txostena izan behar da: Mugikortasun Departamentua, Hiri Mantentze Departamentua, Osasun departamentua, Hondartza Departamentua – Kostak eta beste erakunde batzuk (San Markoko Mankomunitatea, Donostia Kirola…)”.
Era berean, baimen horiek eskatzeko, beste agiri mordo bat prestatu behar izaten dela adierazi du, eta, askotan, oso konplexua izaten dela. Udal Gobernuari zailtasun horiei guztiei buruz interpelatu zien EH Bilduk, eta Kiroletako zinegotzi ordezkariak erantzun zien ez dutela zerbitzu berezitu bat sortzeko aukerarik aurreikusten. “Gure taldeak, ordea, uste du oso garrantzitsua dela kirol leihatila bakarra martxan jartzeko aukera aztertzea, ekitaldi horiek antolatzea samurtzeko klubei; zerbitzu bat, izaten diren eskaerak koordinatuko dituena, aholkularitza eta behar den informazio guztia emango diena klubei libre diren egun, toki eta instalazioez, baimenak bideratuko dituena, edota sinergiak bilatuko dituena ekitaldi handiagoak sortzeko eta diren baliabideak optimizatzeko”.