Arte Ederren egoeraren txosten guztiak helaraziko dizkie udal gobernuak oposizioko udal taldeei
![Arte_Ederrak](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2019/09/arte_ederrak.jpg)
Arte Ederretako eraikinean arriskuan dauden elementuak botatzeko lizentzia eskaera egin zion maiatzean SADE enpresa jabeak Donostiako Udalari. Hilabeteak pasa diren arren, oraindik udalak ez du horren inguruko erantzunik eman. Hilaren 24an, EH Bildu, PP eta Elkarrekin Donostia udal taldeek agerraldi bateratua egin zuten salatzeko udal gobernuak ez dizkiela eman eraisketa egoeraren inguruko txosten guztiak.
Eskaera hori iraileko ohiko udalbatzarrera eraman du EH Bildu udal taldeak, oposizioko beste bi alderdien babesarekin batera. Zehazki, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziari eskatu dio Pedro Ponce Leon arkitektoak egindako txostena ematea udal taldeei. Arte Ederretako eraikinaren egiturari buruzkoa da Ponce Leonek egindako txostena. Oposizioko alderdien ustez, ez da udal gobernuaren gustukoa.
EH Bilduk aurkezturiko mozioa babestu dute EAJren eta PSE-EEren udal taldeek. Arzallusek hitz eman du falta diren txostenak, beranduenez, datorren astearen bukaerarako helaraziko dizkietela oposizioko alderdiei. Horrela ere, kritiko agertu da hiru udal taldeekin “alarma egoera” piztu dutelako. Gauza bera esan du Ernesto Gasco sozialisten bozeramaileak.
Arzallusek oposizioak eskainitako prentsaurrekoari egin dio erreferentzia: “Arazo bat sortu duzue ez dagoen lekutik. Aurreko udal gobernuak ere ez dira gai izan Arte Ederretako eraikina babesteko. Eskaini zenuten prentsaurrekoan esan zenuten Arte Ederrak eraitsiko dituela Eneko Goiak, eta hori ez da horrela”. Era berean, udal gobernuak gardentasun faltarik ez duela azpimarratu du. “Ekaina bukaeratik 90 eskaera inguru jaso ditugu Arte Ederren eraikinaren inguruan, eta 86 erantzun dira. Ponce Leonen txosten bat da eman ez dena, eta hori ere laster emango dizuegu”.
EH Bildu, PP eta Elkarrekin Donostia pozik agertu dira udal gobernuak iritzia aldatu duelako. “Eskertzekoa da atzera egin eta informazioa helaraztea. Hori bai, egindako presioari esker izango da”, esan du Haizea Garai Elkarrekin Donostiako zinegotziak.