Donostiako Udalbatzak 2020rako zerga arauak igotzea erabaki du
Zerga arauak %1,5 batez beste igoko ditu Donostiako Udalak. Iraileko ohiko udalbatzarrean onartu ditu udalbatzak 2020ko udal zerga arauak. Dena dela, Jaime Dominguez-Macaya Ogasun zinegotziak adierazi du igoerak KPIarekin (%1,5) eta aurreikusitako BPGa (%2,3) baino txikiagoa izango dela.
Zerga arauen tramitazioa udalbatzarrean bukatu da udal gobernuko alderdien eta oposizioko udal taldeen arteko akordioarekin. Udal gobernuak uztailean egin zuen proposamenetik 10 zerga arautan aldaketak egin ditu. Zeharkako bost akordio lortu dira bi aldeen artean: OHZ, Ibilgailuen gaineko zerga, TAO, hirigintza baimenak eta udal jardueren zein zerbitzuak emateko tasaren barruan ibilgailuen gidariei Udaltzaingoak egiten dien kontrolei buruzko tasa.
Horiek horrela, EH Bildu eta Elkarrekin Donostiarekin adostu du udal gobernuak, etxebizitza hutsek OHZn duten errekargua %50 arte handitzea. PPrekin adostu du, Ibilgailuen zergan aurreikusitako igoera txikiagoa izatea (%1 ibilgailu arruntentzat, eta %2 ekonomia-jarduerentzat). Elkarrekin Donostiarekin adostu du, hainbat TAO gunetako tasa gehiago handitzea (%3 gune gorrietan), eta baimen urbanistikoen gaineko tasa handiagoa izatea (%2). Azkenik, EH Bildurekin adostu du, 139,63 eurora handitzea ibilgailuen gidariei Udaltzaingoak egiten dien analisi, estupefazienteen, psikotropikoen, estimulanteen eta beste hainbat substantzia analogoen kontrolari buruzko tasa, hain zuzen ere, udal jarduerak eta zerbitzuak emateko tasaren barruan.
Era berean, udal gobernuak segidako zuzenketak onartu ditu: PPk aurkeztutako zuzenketa, IAE delako zergan aurreikusita dagoen hobaria handitzeko langileen kopurua handitzeagatik. EH Bilduk aurkeztutako zuzenketak, ICIO delako zergan aurreikusita dauden hobariak %75tik %90 handitzeko desgaitasuna duten pertsonek euren etxeetan egin beharreko obrak egiteko, eta etxebizitza turistikoen baimena lortzeko tasan, gela turistikoak eta etxebizitza turistikoak ezberdintzeko eta gelen tasa txikiagoa izateko. Eta Elkarrekin Donostiak aurkeztutako zuzenketak, txanpon bidez akzionatzen diren salmenta automatikoko makinen aprobetxamendua handitzeko, eta mugikortasun urriko pertsonen ibilgailuek gordeta duten aparkalekuen kudeaketak duen tasa ez handitzeko.
Dominguez-Macayak zerga arauak onartu ondotik, ondorengoa azpimarratu du: “2020ko zerga arauak progresiboak dira, izan ere, behar gehien duten pertsonak babesten dituzte”. Zehatzago esanda, Udal gobernuak aurreikusten du 1,7 milioi euro gehiago biltzea – udal aurrekontuaren %0,4 – zerga arau berriekin, eta horrek ahalbidetuko du, udalaren finantza-kaudimena, eta beraz, donostiarren bizi-kalitatea hobetzeko inbertsioak egiten jarraitzea.