Guraso Eskola, jakintza partekatu eta sare bat osatzeko
Groseko Guraso Elkarteak haurren hezkuntzaren inguruko kezkak eta zalantzak jorratzeko ikastaroa egingo du urritik aurrera, Donna Apellanizen eskutik. Egitasmoa esperientziak partekatu eta elkarren arteko laguntza sustatuko duen sare bat eraikitzeko baliatu nahi dute.
Azken urteetan, gurasoei haurren hezkuntzara bideratutako gero eta formakuntza gehiago eskaintzen zaizkiela ikusi du Donna Apellanizek. Hezkuntza eta inteligentzia emozionalean aditua den hezitzaile honek positibotzat jotzen du fenomeno hori, baina bere ustetan, ikastaro gehienak gai zehatzetara mugatzen dira, guraso eta haurren arteko harremana bere osotasunean jorratzera iritsi gabe. Groseko Guraso Elkarteak horri buelta bat eman eta haurren hezkuntzaren inguruko kezka eta zalantzak bisio orokor batetik lantzeko ikastaroa antolatu du, Apellanizen laguntzarekin.
Urritik ekainera bitarte egingo duten Guraso Eskolan, gurasoen eguneroko bizitzako beharrak jorratuko dituzte. “Emozioak, sexualitatea, gatazkak… hainbat gairi buruz hitz egingo dugu”, azaldu du Apellanizek, “eta parte-hartzaileen esperientziak partekatuz, gurasoen arteko sare bat osatzea bilatuko dugu”.
Hori da, hain zuzen, egitasmoa sortzeko unean Groseko Elkartekoek egin nahi zuena. Taldeko kide den Ibon Etxeberriak azaldu duenez, heziketa emozionalaren gaian sakontzeaz gain, gurasoen artean jakintza partekatu eta elkar laguntzeko komunitate bat osatu nahi dute.
Horretarako, hilabetean behin Hondarpe auzo elkartean bilduko dira Apellanizekin batera, urritik ekainera bitarte. Ikastaroa asteartetan egingo dute, 19:00etan, eta ordu hori gurasoentzat aproposena ez dela aitortu duen arren, egitasmoan parte hartzeak merezi duela azpimarratu du Etxeberriak: “Gurasoak itota gaude, eta kosta egiten zaigu edozertarako denbora ateratzea, konpromiso txikienerako bada ere, baina ikastarora joateko esfortzua egiteak bizitza asko erraztu diezaguke etorkizunean”.
Formakuntza urriaren 8an hasiko dute, eta guztiz irekia izango da, baita auzokoak ez diren gurasoentzat ere. Matrikulazio epea, berriz, urriaren 4ra arte mantenduko dute zabalik. Izen ematea info@educandolaemocion.com helbidera idatziz edo 699 81 31 52 deituz egin daiteke. Prezioa 180 eurokoa da pertsonako, edo 300 eurokoa bikote bakoitzeko.
Larunbatean, guraso elkarteak ikasturte berriaren aurkezpen ekitaldia egingo du Hondarpen, 11:00etan, urtean zehar egingo dituzten jardueren berri emateko. Apellaniz ere han izango da, interesa dutenei Guraso Eskolaren nondik norakoak azaltzeko.