Haritzaldek ohartarazi du udalak ez duela bete Belartzako harri pilaketa ilegalaren epaia
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak Noticias de Gipuzkoa egunkariari eskainitako elkarrizketa batean egindako adierazpenak gaitzetsi ditu Haritzalde Naturzaleen Elkarteak. Belartza Gaineko aferaz galdetuta, Arzallusek adierazi du “zentzugabea” izango litzatekeela udalarentzat isuri ziren harriak eremutik ateratzea “5.000 kamioi” erabilita, gero harriak berriz ere leku berera itzultzeko.
EAEko Auzitegi Nagusiak, ordea, ekaina bukaeran ebatzi zuen udalak VUSA enpresari emandako lizentzia “ilegala” dela, eta eremua ahalik eta azkarren lehengoratu behar dela. Arzallusek atzo iraileko ohiko udalbatzarrean berretsi zuen udalak ez duela asmorik harriak dauden lekutik mugitzeko.
“Donostiako Udalak urtetan aintzat hartu ez dituzten gure salaketen ostean eta arrazoia genuenaren jakitun, bide juridikoa hartzera behartuta ikusi genuela geure burua udalak lizentzia ilegala eman zuela frogatzeko. Izan ere, VUSA enpresak egindako guztiz ezohiko kanpoko isurketa erraldoia babestu eta legalizatzeko eman zen lizentzia ilegal hori. Egia frogatzeko irabazi dugun epaia ekarri duen ildo honek, kalte ekonomikoa eta zailtasunez beteriko bidea suposatu du, geurea bezalako ingurumen defentsan aritzen den aberasteko asmorik gabeko elkarte txiki eta xumearentzat”, azaldu du Haritzaldek.
Hirigintza zinegotziari egindako adierazpenak ezeztatzeko eskatu du elkarteak, eta Donostiako Udalari ere hiru puntuko eskaera luzatu dio: “Lehenik, betearazpen subsidiariora ekin diezaion harriak erretiratuz, Auzitegi Nagusiak emandako epaia beteaz. Bigarrenik, kaltetutako gunea berreskuratzeko Birsorkuntza Proiektua berehala eta atzerapenik gabe enkargatu dezan jada. Eta hirugarrenik, lizitazio eta lehiaketa publikoa berehala eta atzerapenik gabe martxan jar dezan”.