Justizia klimatikoa eta sistema aldaketa aldarrikatu dute milaka gaztek arratsaldeko manifestazioan
Goizean bezala, Donostiako milaka gazte atera dira kalera arratsaldean, Fridays For Future gazte mugimenduak deitutako grebarekin bat eginez. Mundu mailan egin dute greba, eta arratsaldeko manifestazioarekin amaiera eman diote Justizia Klimatikoaren Aldeko Nazioarteko Mobilizazio Asteari. Hiriko hainbat eragilek bat egin dute manifestazioarekin, hala nola, Eguzki Talde Ekologistak, Satorralaia Metroaren proiektuaren aurkako plataformak eta erraustegiaren aurkako plataformak. Aipatzekoa da manifestazioan Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko ingurumen diputatua eta GHK-ko presidentea egon dela; erraustegiaren aurkako plataformako kideek “erraustegia, klima aldaketa” oihukatu dute bere inguruan.
Alderdi Ederretik abiatu da manifestazioa, eta Bulebarra, Argentinako Errepublikaren pasealekua, Askatasunaren hiribidea, Loiola kalea eta Urbieta kalea igaro ondoren, Easo plazan bukatu dute. Manifestazio guztian zehar, kapitalismoaren, munduko agintari politikoen eta gizarte kontsumistaren aurkako eta justizia klimatikoaren aldeko oihuak bota dituzte manifestariek; euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. “Ez dago B planetarik”; “Kapitalismoa suntsitu”; “Aldatu sistema, ez klima” eta “Amancio, entzun, planeta txapeldun” izan dira manifestariek oihukatu dituzten aldarrietako batzuk. Easo plazara iritsi direnean, eserialdia egin dute guztiek, eta justizia klimatikoaren aldeko mugimendua aldarrikatu duen manifestu bat irakurri dute.
Jarraian, Joseba Parron argazkilariak goizean eta arratsaldean egindako argazki bilduma: