"Mugimendua egituratu nahi dugu"
Mugimendu gaztea da zentzu guztietan Donostiako Fridays For Future (DFFF). Justizia klimatikoaren aldarrikapenak kalera eramateko sortu da, eta gaurko mundu mailako grebarekin bat egiteko, mobilizazio aste bat antolatu dute. Jon Kareagak, DFFF-ko kidea, mugimenduaren nondik norakoak azaldu dizkigu.
Noiz hasi zinen Fridays For Future mugimenduan?
Ni ez nengoen hemen mugimendua sortu zenean, une horretan Txinan nengoelako dokumental bat grabatzen: Made in, made for. Modak planetarengan daukan inpaktuari buruzkoa da, eta Justizia Klimatikoaren Aldeko Nazioarteko Mobilizazio Astean aurkeztu dugu Tabakaleran.
Niretzat, bidaia hori mugimenduan sartzeko gakoetako bat izan zen. Gustatu ez zitzaidan errealitate bat ikusi nuen han, eta horrek gauza asko aldatu zituen nigan. Gainera, ikusita Fridays For Future mugimenduaren indarra eta Greta Thungberg-en konpromisoa, sentitu nuen mugimenduarekin bat egin behar nuela.
Donostiako Fridays For Future taldea noiz jarri zen martxan?
Donostiako taldearen lehen manifestazioa 2018ko martxoaren 15ean izan zen, eta ni taldean sartu nintzen apirilean. Gure taldea guztiz irekia da, eta gurekin kontaktatu dezakete sare sozialen bitartez nahi duten guztiek. Guk egiten dugunaren eta gaiaren inguruko informazioa bidaltzen diegu, eta denbora gehiago eskaintzeko prest dagoenak antolakuntzako taldean sartzeko aukera dauka. Talde hori arduratzen da haritik tira egiteaz, eta antolatzen ditugun jardueren koordinazioaz, Justizia Klimatikoaren Aldeko Nazioarteko Mobilizazio Asterako antolatu ditugun gauzez, adibidez.
Donostian, interesa azaldu dutenen artean Whatsapp talde bat daukagu, eta hor 180 pertsona daude sartuta. Pertsona horiek ekintza eta jarduerak egiten ditugunean aktibatzen dira gehien. Asanbladak egiten ditugu, eta udara pixka bat nahasia izan den arren, mugimendua egituratzeko asmoa dugu. Hau da, taldearen antolakuntza modua zehazteko beharra ikusten dugu, besteak beste, zein rol dugun kide bakoitzak eta zein konpromiso hartuko dituen mugimenduak.
Zeintzuk dira mugimenduaren helburuak?
Gure mugimenduaren helburua da justizia klimatikoa lortzea, eta horrek esan nahi du ingurumenarekiko justizia eta justizia soziala behar ditugula. Kontzeptu hori sortzen da konturatzen garenean krisi klimatikoak ez diela pertsona guztiei berdin eragiten, baizik eta egoera txarrenean dauden pertsonei eragiten diela gehien.
Gainera, saiatzen gara larrialdi klimatikoaren borrokan, ildo desberdinak jorratzen. Horretan eragina daukaten industria desberdinak aipatzea garrantzitsua da. Gehienetan arreta jartzen dugu problematika zehatzetan, baina arazoa modu globalagoan ikustea beharrezkoa da. Esaterako, plastikoaren kutsaduren gaia oso ezaguna da, asko ikusten delako, eta oso larria da, baina zati bat besterik ez da.
Ildo berean borrokan ari diren eragileekin lotura duzue?
Harremanak egiten gabiltza, baina, esaterako, joan den astelehenean Nor animalien askapenaren aldeko kolektiboarekin batera Krisi klimatikoa, beganismoa eta antiespezismoa hitzaldia egin genuen EHUko ikasgelategian. Justizia klimatikoaren aldeko borrokari ezin zaizkio barrerak jarri, eta nahiz eta eragile bakoitzak bere ideologia politikoa izan, eta gure artean kontraesanak esan, defendatzen duguna gauza bera da. Denok helburu bera dugunez, uste dut elkartu egin behar dugula, batera borrokatzeko.