Zer eraiki dute Zubietan?
Zubietako erraustegia eta Gipuzkoako Ingurumen Gunea osatzen duten gainerako plantak amaituta eta proba fasean daude. Aldundiak urtarrilerako jarri nahi ditu martxan, gaikako bilketatik kanpo geratzen diren Gipuzkoako hiri-hondakinak tratatu ditzaten. Zer da, baina, hor egingo dutena?
Oraindik ez dituzte labeak piztu, baina Zubietako erraustegia eraikita dago jada. Oposizio sozial indartsuari aurre eginez, Gipuzkoako hondakinen kudeaketarako azpiegitura gatazkatsuak aurrera egin du urteetan zehar, EH Bilduk 2011n eten egin zuen arren. EAJ eta PSE-EEren foru gobernuak proiektua berreskuratu zuen 2015ean, Markel Olano Ahaldun Nagusiaren eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuaren eskutik, eta lau urteren ostean, Zubietako erraustegia bere lehen hondakinak erretzear dago. Harekin batera eraikitako beste hiru plantekin, Gipuzkoako Ingurumen Gunea delakoa osatu dute.
Hondakinak tratatzeko lau planta
Gipuzkoako Ingurumen Gunea izenarekin eraiki duten konplexuak hondakinen kudeaketara bideratutako lau planta dauzka, bi fasetan banaturik. Lehenengo fasea tratamendu mekaniko-biologikorako plantak eta erraustegiak osatzen dute. Bigarrenean, berriz, biometanizazio planta eta zepen tratamendurako planta daude. Fase hau, txikiagoa dena, Eskusaitzetako lursailean dago, eta tunel baten bidez dago konektatuta erraustegiarekin.
Zubietara helduko diren hiri-hondakinak lehenengo fasera bidaliko dituzte, tratamendu mekaniko-biologikorako plantara. Hor, zaborrak berriz sailkatuko dituzte, modu mekanikoan, gaika bildu daitezkeen hondakinak berreskuratzeko, gehien bat aluminiozkoak eta plastikozkoak. Prozesu horren bidez, hondakinen %7tik %10era bitarteko kopurua berreskuratuko dela azaldu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak (GHK). Gainerako guztia bio-lehorketa prozesu batetik pasako dute, hezetasuna xurgatu eta zaborrari bolumena eta pisua kentzeko. Hortik ateratako hondakinak erraustegiaren erregaia izango dira.
Errausketa bigarren plantan egingo da, urtean 100 tona hondakin erretzeko gai izango diren bi labeetan. Aldundiak balorazio energetikorako planta gisa definitu du erraustegia, errefusen errausketaren bitartez energia sortzeko gai izango delako. Hori ur-lurrinduarentzako zirkuitu bati eta turboalternadore bati esker egin ahal izango du, eta erraustegiaren sustatzaileen arabera, urtean 160.000 megawatt sortzeko gai izango da, 45.000 etxebizitza argiztatzeko haina. Energia hori, ordea, ez da gipuzkoarrena izango, Urbaser buru duen enpresen aldi baterako batasunarena (EAB) baizik. EAB horrek 35 urterako ustiapen akordioa sinatu du Aldundiarekin, eta epe horrek iraun bitartean, enpresek jasoko dute, eta ez herritarrek, energia salmentaren etekina.
Bestalde, erraustegira sartuko den zaborra ez da guztiz desagertuko. Izan ere, errauste prozesutik, zepa eta errautsez osaturiko 52.000 tona hondakin aterako dira urtero. Materia hori zepen tratamendurako plantara mugituko dute, hor “balorizazio material” bat egiteko. Hain zuzen, planta horretan tratatutako hondakinak errepideak asfaltatzeko eta hormigoizko blokeak egiteko material bihurtuko dituzte.
Biometanizaziorako plantak, azkenik, Zubietara eramandako hondakin organikoak jasoko ditu soilik. Orain arte, Gipuzkoako bio-hondakinak Bergarako Epele plantara eraman izan dira, baina han urteko soilik 10.000 tona tratatzeko gaitasuna dute. Gainerakoa, 40.000 tona inguru, Zubietako plantara eramango da, metanoaren bidez tratatu eta energia sortzeko. GHK-k azaldu duenez, hor beste 14.500 megawatt ekoiztuko dira urtean.
Azpiegitura arriskutsua da osasunarentzat?
GHK-ko arduradunek hainbat aldiz errepikatu dute Zubietako erraustegiaren isurketen kontrolak etengabekoak eta zorrotzak izango direla. Horrek, ordea, ez ditu Zubietako eta inguruko herrietako bizilagunak lasaitu, halako azpiegitura batek euren osasunean eragin kaltegarriak izan ditzakeela badakitelako. Izan ere, Zubietako erraustegiaren etorkizuna zein izango den ikustear dagoen arren, munduko hainbat herrialdetako kasuek kezkatzeko moduko arrazoiak eman dizkiete.
Azken urteetan, hainbat erraustegitan eginiko ikerketek frogatu dute azpiegitura hauen inguruan, besteak beste, dioxina kopuru altuak metatzen direla. Dioxinak gizakiarentzako toxikoak diren osagai kimiko iraunkorrak dira, eta ugalketa arazoak eta minbizia sortu ditzakete, beste hainbat gaixotasunen artean.
Herbeheretako ToxicoWatch fundazioak halako fenomeno bat azaleratu zuen 2011n, Herlingengo (Herbehereak) Omrin erraustegiaren inguruetan. Oilategietako arrautzak aztertuta, dioxina kopuruak neurri legalak gainditzen zituela erakutsi zuen. Iazko urtarrilean, berriz, Argia-ko Pello Zubiria kazetariak beste kontaminazio kasu baten berri eman zuen: Frantziako Lunel-Viel herrian, hango erraustegitik bost eta hamabost kilometro bitartean bizi ziren herritarren artean, dioxinei lotutako minbizien hazkunde nabarmena eman da.
Gainera, dioxinez eta beste osagai kutsakorrez gain, erraustegiek CO2 kopuru nabarmenak isurtzen dituzte. Joan den astean, Berria egunkariak Euskal Herriko enpresa kutsatzaileen zerrenda argitaratu zuen, PRTR erregistroaren datuetan oinarrituta, eta hor, zortzigarren postuan, Bizkaiko Zabalgarbi erraustegia ageri da. Erregistroaren arabera, Alonsotegiko azpiegiturak 0,27 milioi tona CO2 isuri zituen 2017an, urtean gutxi gorabehera 250.000 tona hondakin erreta. Datu horiek kontuan hartuta Iñaki Petxarroman kazetariak ondorioztatu zuen Zubietako erraustegia Gipuzkoan CO2 gehien isuriko duten azpiegituren artean kokatuko dela.
Nola ikusten ditu Europak erraustegiak?
Europan urteetan zehar erraustegien alde egin den apustua Euskal Herrikoa baino asko handiagoa izan da. Herrialde batzuk aipatzearren, 2014an Frantziak 126 erraustegi zituen, Alemaniak 99, Danimarkak 26, Erresuma Batuak 32 eta Italiak 44. Horietako gehienak, ordea, XX. mendearen bigarren zatian eraiki ziren, eta denborak aurrera egin ahala hondakinen kudeaketarako azpiegitura hauen hazkundea moteldu egin da.
Europako Batasunak, bere aldetik, hiri-hondakinen errausketa sustatu beharrean, birziklatzea areagotzeko neurriak exijitzen dituen zuzentaraua sortu zuen iazko martxoan, hurrengoa adieraziz: “Hondakinen balorizazioari eta birziklatzeari dagokionez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren helburuak aldatu egin behar dira, hondakinen birziklatzea areagotu eta Batasunak ekonomia zirkularraren bidean aurrera egiteko duen asmoa erakutsiz” [Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018/852 Zuzentaraua (18/05/30)].